Ertzaintzak Euskal Preso Politikoen Kolektiboan dauden eskualdeko 39 presoen argazkiak eraman ditu gaur goizean Algortako Telletxe kaletik. Goizeko 10:30ak aldera, dozena bat ertzain agertu dira kale horretan eta bertan dagoen presoen aldeko elkarretaratzearen antolatzaileei agindu diete pankartan eta inguruetan egon diren presoen erretratuak kentzeko. Hori egin ezean, Espainiako Auzitegi Nazionalera eramateko mehatxu egin diete, gainera. Kontzentrazioko auzokideek, baina, pankartako argazkiak eman bai, baina bestelakoak goizeko 9etan elkarretaratzea abiatu aurretik jada bazeudela esan diete, geroago Koska irratiari eta UKBERRI.NETi
adierazi dietenez (mp3). Orduan, poliziek beraiek, zuhaitzetatik eta hormetatik presoen irudiak ezabatu dituzte. Era berean, argazki gehiago agertuz gero bueltatuko direla agindu dute ertzainek. Presoen lagun eta senideek, ordea, EPPKko kideen elkartasunezko hamaika orduko kontzentrazioarekin jarraitu dute eta gertatutakoa salatzeko 20:00etan manifestazioa egingo dute herrian zehar. Argazkian, elkarretaratzeko pankarta, Ertzaintza heldu baino lehen.