"Bizi arteko zigorrik ez!" lelopean, 150 bat pertsonek Jon Bilbao Moro Asuako auzokidea askatasunean uzteko aldarrikatu dute Astrabuduan.
Ekitaldia (mp3, euskaraz eta espainolez) goizean burutu dute Josu Murueta plazan. Bertan, "Parot doktrina" bertan behera uzteko eskatu eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aldarrikatutakoekin bat egin dute. Horrela, preso gaixoak eta zigorra beteta dutenak askatasunean uztea; ezarritakoaren hiru laurdenak beteta dituztenak behin behinean kaleratzea; bakartze eta isolamenduarekin bukatzea; eta prozesu politikoan parte har dezaten presoak Euskal Herrira ekartzea, "beren eskubide guztien jabe", eskatu dituzte gaurkoan, besteak beste. Ildo horretatik Anjel Figueroa Algortako preso gaixoaren kasua nabarmendu dute eta etxean ez ezik aske ere uzteko eskatu dute. Era berean, laster espetxean 30 urte beteko duten Jose Maria Sagardui "Gatza" eta Jon Agirre presoak gogoratu dituzte. Bestalde, Jon Bilbao Mororen senideei omenaldia egin diete, 28 urtez bizi izandako oinazeagatik eta agertutako adoreagatik, Bilbao espetxe batetik bestera jarraiki beren maitasuna eramanez.