Milatik gora hildako eta bost mila zauritu baino gehiago eragin zituen Israelgo Armadak 2008ko abendua eta 2009ko urtarrila bitartean Gazako Zerrendan eginiko sarraskian. Ofizialki, "Hamasen ahalmen militarra deuseztatzea" zuen helburu Berun Urtua operazioak, gune zibilen, ospitaleen, zerbitzu medikoen eta oinarrizko azpiegituren bonbardaketa etengabekoan oinarritu bazen ere. "
To shoot an Elephant" film dokumentalak (113') egun horietan gertatutako zati txiki bat kontatzen du, Alberto Arce eta Mohammad Rujailah zuzendariek anbulantzia palestinoetatik ikusitakoaren bitartez. Ez zen kasualitatea izan, Gazan ilegalki sartu eta lekukotasuna emateko erabaki kontzientea baizik. Filma
Eguzki Bideoek banatzen dute eta arabieraz eta ingelesez bada ere, hainbat hizkuntzatan ikus daiteke, azpitituluz, tartean euskaraz. Gaurko emanaldia Leioako Udondo gaztetxean izango da, arratsaldeko 7:30ean. Filmaren lantaldeak deitutako Gazaren aldeko emanaldi-ekintza bateratuan kokatzen da proiekzioa. Mundu mailan, guztira, 220 emanaldi baino gehiago izango dira gaur. Argazkian, Israelek 2007an Gazako pasabide guztiak itxi zuenetik, kartzela erraldoia da Zerrenda / cc-by-sa Alberto Arce eta Mohammad Rujailah.