Leioako Udaltzaingoak gizon gazte bat atxilotu du gaur, astelehena, beste lagun birekin Lamiakoko taberna batean sartu eta plasma telebista bat lapurtzea egotzita. Udal iturriek zabaldutako bertsioaren arabera, goizaldeko 4:35ean, herritar baten deia jaso dute udaltzainek, Lamiakoko metro geltoki inguruan kristalak hausten ari zirela entzuten zelako. Tokiko poliziak bertaratu direnean, hiru gazte ikusi omen dituzte zonaldeko taberna batetik ihes egiten. Momentu horretan euren atzetik korrika hasi dira agenteak eta haietariko bat harrapatzea lortu dute. Aipatu tabernaren erregistroan joko makina ere hainbat kolpe eta kalte zituela ikusi dute udaltzainek, udal iturrien hitzetan, baina behartzera heldu barik. Horretaz gain, udaltzainek ustez hiru gazteek lapurtutako telebista berreskuratu dute herrian dagoen oinezkoentzako lurrazpiko bide batean. Horrekin batera lapurreta egiteko erabili ei dituzten hainbat tresna ere atzeman dituzte. Atxilotutako gazteak, E.C.U. inizialak dituen getxoztarrak, mota horretako hainbat aurrekari ditu jada, aipatu dutenez; eta egin beharreko izapideen ondoren, epailearen esku jarriko du Leioako Udaltzaingoak.