Algortako Ereaga hondartzan dagoen La Terraza taberna ustiatzeko baimena emateko lehiaketa publikoa zabaltzea eskatu dio Udalari Getxoko PPk. Horretarako, mozioa aurkeztu dute, urtarrilaren 29ko udal batzarrean eztabaidatua izan dadin. Salvador Ardanazek 44 urtez tabernaren ardura izan ostean, urtarrilaren 3an "jaitsi zituen pertsianak" La Terrazak. Tokiko popularren arabera, "eraikina botatzea atzera bota zuen aho batez, 2008ko urriaren 31ko osoko bilkuran, Udalbatzak —PP eta PSE-EEren botoekin—; eta Ereagako 'bunkerra' altxatzeak erabateko gaitzespena jaso zuen. Gauzak horrela, beharrezkoa da ustiapen baimen berria ematea". Getxoko Udalak
2009ko irailean bertan behera utzi zuen "behin betiko" proiektua. Lizentzia berria emateko erabakia "ahalik eta lasterren" hartu beharrekoa dela uste du Getxoko PPk, "jakin badakigulako itxita edo utzita denbora luzea ematen duten etxeek agudo hondatzen direla". Gogoratu dutenez, La Terrazarena da, "triangelua eta Portu Zaharra artean, txizatoki publikoak dauzkan eraikin bakarra, Ereagako pasealeku osoan". "Lehen, Salvador Ardanazek zabaltzen zituen astebururo. Taberna itxita, ordea, txiza egiteko tokirik ez daukate larunbat eta igandeetan ibiltariek", azaldu dute Getxoko PPko ordezkariek. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Jesus Toca-Toña, Marisa Arrue eta Eduardo Andrade Getxoko PPren ordezkariak, aurreko batean, La Terrazan.