Joan zen larunbatean, urtarrilak 16, egin zuen debuta 2010eko Urrezko Kopan Getxo Artea Rugby taldeak. Hala ere, txapelketaren lehenengo eta azken partida izan zuten herenegun arratsaldekoa getxoztarrek: Hernaniren aurka, 9-17 galdu zuten Bryce Bevin-en mutilek, Algortako Fadura kiroldegiak jokatutako norgehiagokan. Joko gutxi egon arren, lehia handiko partida izan zen larunbatekoa. Hagetarako jaurtiketak berebizikoak suertatu ziren eta, horretan, hernaniarrak ibili ziren trebeago. Gainera, Patrick Polidori-ren mutilek egin zuten arratsaldeko entsegu bakarra, 3. minutuan. Hala ere, markagailua alde edukita (9-8) egin zuen aldageletarako bidea Getxo Arteak. Baina, zelaira gogotsu bueltatu arren, bultzada ez zen nahikoa izan garaipena lortzeko. Joko aldetik ez zen oso fin aritu Hernani. Kontua da Iraitz Garmendia jaurtitzaileak ez zuela hutsik egin hagen aurrean. Gipuzkoarrek Durango Ilarduya taldearen kontra jokatuko dute Urrezko Koparen lehen fasearen finala, durangarrek Eibar Hierros Anetxe taldeari irabazi ostean. Argazkian, larunbateko partida / © Getxo Artea Rugby Taldea.