Emakumeon Mundu Martxako Euskal Herriko Plataformak deituta, etzi, asteazkenarekin, Elena Cal emakume tolosarraren
erailketa salatuko dute Algortan. Algortako
Bilgune Feministak jakinarazi duenez, "Emakumeon kontrako indarkeriarik ez!" lelopean, arratsaldeko 19:30ean egingo da eskualdeko elkarretaratzea, Algortako Telletxe plazan. Feministek "guztion artean egoera hauei erantzun diezaiegun" deitu dute, "erailketa gehiagorik ez" izateko aldarrikapena gauzatze aldera. Zantzu guztien arabera, Elena Cal aurten bortxakeria matxistak eraildako lehenengo emakumea izateko zorte makabroa izan du, bere bikotekideak edo bikotearen lagun batek hil ei zuen oraindik argi ez dagoela. Nolanahi ere, lepoan labankada larri bat jaso zuen atzo eta ordu batzuetara hil zen Donostia ospitalean. Bi susmagarriak atxilotuta daude. Tolosako Bilgune Feministak "
bizi dugun sistema patriarkal eta kapitalistaren ondoriotzat" jo du erailketa.