Alkateak beste behin esan du “XXI. mendeko Getxo herria eraikitzeko eta berau kultur, gizarte, ekonomi eta kirol ekipamendu oso garrantzitsuez hornitzeko abiatutako eta Udalak buru duen prozesuak herritarren beharrak asebeteko dituela aipatu arlo guztietan, gure herritarrak zorrotzak badira ere”. Landak gogoratu duenez, dagoeneko abiatutako proiektuen eta datozen hilabeteetan hasiko diren egitasmoen artean 50 milioi euro inguru inbertituko dira, "Udalaren diru-kutxaren kontura". Halaber, beste instituzio batzuk hainbat proiektutan egin asmo duten "inbertsio garrantzitsua" nabarmendu du, berbarako BiscayTIK proiektuan.
Kiroldegiko teilatuko lanak udaberrian amaituko dituzte
Bi agintariek, Cabiecesek eta Landak, bisitaldia egin dute gaur Andra Mari udal kiroldegira, denboraren poderioz eta eguraldi txarraren eraginez hondatuta dagoen teilatua konpontzeko obrak egiten ari baitira. Lan horiek, hain zuzen ere, E Planaren kontura egiten ari dira eta euren aurrekontua 560.000 eurokoa da. Proiektua, alkate getxoztarrak aitortu duenez, atzeratu egin da, bere hitzetan, "pasa den udazkenean euskal kostaldean izandako haize ufada eta euri jasa handien eraginez". Eguraldi txarrak kirol instalazio horretako kanpo aldean egin beharreko lanak oztopatu ditu, Landak aipatu duenez. Horregatik, Udalak lanak apirila arte luzatzea eskatu zion administrazio zentralari, eta gobernu ordezkariak baieztatu duenez, onartu egin dute eskaera. Hartara, lanak datorren udaberrirako amaituko dituzte.