Makinek lanean jarraitzen dute Urdulizko Labetxe inguruan, etorkizuneko zerbitzu-industrialdea izango dena urbanizatzen. Han, 1.300 metro koadroko lursail batean,
Urdulizko Udalak pabiloi industrial bat eraiki du, biltegi bezala erabiliko dena, tokiko erakundeak erabilitako edo erabiltzeko moduko ekipamendu mota oro gordetzeko. Pabiloian, era guztietako makina eta tresnak gordetzeaz gain, biltegiak eta aldagelak ere badira. Udal Zerbitzuen Pabiloia eraikitzeko lanak 2009ko uztailean hasi ziren, eta Construcciones Amuriza S.L. enpresa esleipendunak sei hilabeteko epea izan du horiek amaitzeko; eta horrela egin du, pabilioia erabat bukatuta baitago, Europa Press albiste agentzia espainolaren arabera. Orain, azken ukituak ematen ari dira bertan, eraikinaren barrualdeko azken lanak egiten, alegia; eraikina egokitu eta txukuntzeko, behin betiko itxura izan arte. Horrela, egun gutxitan, Urdulizko Udalak pabiloi berria izango du erabilgarri. Eraikinak bi solairu ditu eta, guztira, 835 metro koadroko azalera du. Kanpoaldetik, aurrefabrikatutako hormigoizko fatxada ikus daiteke, bistakoa eta koloreztatua. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea, Getxon emandako prentsaurreko batean.