ESS-Bilbaok eta Ikerketa Nuklearraren Europako Erakundeak (CERN) lortutako akordioaren arabera, instituzio europarrak teknologia eta prestakuntza emango die EHUko Erandio eta Leioako campusean jarriko duten Espalazio Bidezko Neutroi-iturriaren azpi-egoitzako langileei. Horren trukean, Bizkaiko zentroak Genevako (Suitza) Hadroien Talka-eragile Handira (LHC) bideratutako teknologia egingo du, ESS-Bilbaok prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. EHUren eraikinean energia baxuko azeleragailuak sortzea aurreikusten dute eta teknologia hori erabat sinergikoa omen da LHCrekin. Europak inoiz izan den partikula azeleragailu indartsuena du, eta hasieran arazoak eman bazituen ere, dagoeneko martxan da eta %100ean ari da lanean. LHCk Big Bangaren ondorengo momentua irudikatu nahi du. Izan ere, horrek unibertsoaren osaerari buruzko informazio baliagarria emango du eta egungo Partikulen Fisikaren eredu estandarraren baliagarritasuna baieztatu edo ukatuko du. Argazkian, abenduaren 9an aurkeztu zuten neutroi-iturria, Leioa eta Erandioko campusean / ©
Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa.