Zigor Goikoetxearen abokatuak aurkeztutako errekurtsoari jarraiki, Azkorriko gazteari jarritako zigorra aztertzeko bista publikoa egingo dute urtarrilaren 28an, osteguna, Espainiako Auzitegi Gorenean,
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Andres Martinez Arrieta, Juan Ramon Berdugo, Carlos Granados eta Jose Ramon Soriano magistratuek osatuko dute epaimahaia. Auzitegi Nazionalak 2009ko ekainean kaleratu zuen
Goikoetxearen aurkako epaia. Bertan, bi urteko espetxe zigorra, Marisa Arrue PPren zinegotziari 6.000 euroko isuna ordaintzea eta berarengandik 300 metro baino urrunago egotera zein Getxotik at, bizitzea ezarri zioten Goikoetxeari. Era horretan epaileek ontzat eman zuten Marisa Arruek gaztearen aurka balizko heriotza mehatxuengatik
jarritako salaketa. Epaiketa
apirilaren 14an egin zen eta bertan lekuko guztiek ukatu zuten Goikoetxeak mehatxuak egin izana. Hala ere, auzi honengatik ia 11 hilabete egin zituen preso gazte getxoztarrak.
Uztailaren 15ean irten zen kalera, 6.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Argazkian, Zigor Goikoetxea uztailaren 15ean egin zioten harreran.