Fiskalak 7 urteko espetxe zigorra eskatu du Amets Ladislaorentzat eta 5 urtekoa Ibai Egurrola, Javier Gutierrez, Marimertxe Alcocer eta Maribel Prietorentzat, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Guztiei ETAri laguntza ematea leporatzen die. "Orain, behin fiskalak eskaera egin ondoren, epaiketaren data jartzea besterik ez da falta prozesu honetan", errepresioaren kontrako erakundeak gaineratu duenez. Amets Ladislao eta Ibai Egurrola algortarrak
2008ko abenduaren 8an atxilotu zituen Irunen Guardia Zibilak, Algortakoa ere den Aitor Artetxe ustezko ETAko kideari ihes egiten lagundu izana egotzita. Beraiekin batera, Jabier Gutierrez "Guti" leioaztarra ere hartu zuten atxilo. Operazio horretan Guardia Zibilak
bi egun geroago atxilotutako Marimertxe Alcocer algortarrak eta Maribel Prieto berangoztarrak bezalaxe, "bortizki torturatuak" izan zirela salatu zuten hirurek. Egun, guztiak kalean daude, 18.000 euroko fidantza ordainduta. Argazkian, 2008ko abenduaren 28an, ehunaka lagun, 500 bat antolatzaileen arabera, batu zen eguerdian Algortan, atxilotuek jasandako "tortura basatiak" salatzeko.