Abiadura Handiko Trenaren aurkako aldarria "ezkutatu" nahi izan du Herrizaingo Sailak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urt. 20a, 20:20

AHTren Aurkako Asanbladak goizeko 10:30erako zeukan jarrita hitzordua, Leioako Luis Bilbao Libano doktorea kaleko 11. zenbakian, Basoinsa enpresaren aurrean elkarretaratzea egiteko. Hala ere, bertara helduta, Ertzaintzaren furgoneta bat aurkitu dute kale bazterrean Abiadura Handiko Trenaren aurkakoek. Deitzaileetako batek UKBERRI.NETi azaldu dionez, "atzo, arratsaldeko zazpiak aldera" jaso zuten, gaurko kontzentrazioak tokiz aldatzeko agindua. Baita "harriduraz" hartu ere. Bertan biltzeko baimena eskatu duten aurreko guztietan ez diete eragozpenik jarri, zehaztu dutenez. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren arabera, "ETA erakunde terroristak enpresaburu bat hil eta AHTn lanean diharduten enpresak mehatxatuta, horien arduradunak eta langileak beldurrarazteko saiotzat" har daitezke horrelako deialdiak. Dena den, "modu baketsuan aipatu elkarretaratzeetan parte hartzen duten lagunak indarkeriarekin lotu ez eta horien biltzeko eskubidea bermatu aldera", beste toki batean batzeko "aukera" eman die AHTren aurkakoei Herrizaingo Sailak: "inork ikusiko ez gaituen lekuan", gaurko protestaren antolatzaileek adierazitakoaren arabera. Gauzak horrela, Sakoneta kaleko 5 eta 7 zenbakien artean, hots, Fulcrum enpresaren atzealdean, egin behar izan dute kontzentrazioa. Bertan zain zeukaten Ertzaintzaren patruila auto bat, batu beharreko tokia markatuz; eta atzetik heldu zaie polizia autonomikoaren furgoneta. Hala ere, gora behera gehiagorik ez da izan. Argazkian, AHTren kontrako lagunak Leioako Sakoneta kalean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun