Getxoko zinegotzien soldatak 2010ean bere horretan uzteko proposamena aurkeztuko du, hilabete honetako udal osoko bilkuran, urtarrilaren 29an, Imanol Landa alkateak. Dagoeneko Bozeramaleen Batzordean aurkeztu du neurria tokiko agintariak eta, gainontzeko ordezkari politikoek onartzen badute, urtarriletik aurrera sartuko da indarrean; eta alkatearengan eta gainontzeko 24 zinegotziengan edukiko du eragina. 2009an ere soldatak bere horretan uztea onartu zuen Getxoko Udalbatzak, PSE-EEk aurkeztutako mozioa aintzat hartuz. Gauzak horrela, aurtengoa izango litzateke zinegotzien soldatak igotzen ez diren bigarren urtea, 2008an erabakitakoak bigarren urtez jarraian mantenduz, udal iturriek nabarmendu dutenez. “Udal aurrekontuaren %12ko murrizketarekin eta, orokorrean, bizi dugun egoera zailean gerrikoa estutu behar genuela esan genuen eta horrela egingo dugu, baita alkatearen eta udal zinegotzien soldatei dagokienean ere”, azaldu du Landak. Argazkian, zinegotziak aurreko udal batzar batean.