Hainbat gune arriskutsu identifikatu dituzte Getxoko emakumeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urt. 21a, 15:08

Emakumeek segurutzat jotzen ez dituzten Getxo udalerriko lekuetan aldaketa urbanistikoak egin, argiztapena aztertu eta landaretza zainduko du Udalak, atzo goizean, puntu horiez osatutako debekatutako hiriaren maparen aurkezpenean jakitera eman zutenez. Besteak beste, Algortan, Alangoko osasun zentro ingurua, Aiboako metro geltokirako sarbideak, Areneondo eta Euskal Herria kaleen arteko lurpeko pasabidea eta Salsiduko kale bazterrak; Itzubaltzeta / Romon, Plentzia Hiriko pasabideak; eta, Getxon, Andra Mari eliza ingurua arriskutsu ikusten dituzte. Toki horiek antzeman izana udalerriko emakume batzuek hiru tailerretan banatuta egindako lanaren ondorioa dira, Hiria Kolektiboa izeneko emakume arkitektoen taldeak koordinatuta eta Udalaren arlo desberdinetako teknikari batzuekin elkarlanean; Ingeniaritza, Argiztapen eta Lorezaintzakoekin, alegia. Argazkian, Plentzia Hiriko pasabideetako bat / © Getxo.net.

Imanol Landa alkatearen arabera (mp3), “oso ekimen garrantzitsua da, hiriko toki batzuetan emakumeek duten segurtasun ezaren pertzepzioa murrizteko edo desagerrarazteko, pertzepzio horrek euren mugikortasuna eta ibilera aske oztopatzen dituelako". "Udalak horretan esku hartu behar du, Getxo denontzat izatea nahi badugu", atzoko prentsaurrekoan gaineratu zuenez. Guztira, 30 emakumek parte hartu dute tokiko Berdintasun Zerbitzuak martxan jarritako “Hiria eta Generoa” izeneko hiru tailerretan, “diseinu urbanistikoek gizonen eta emakumeen eguneroko bizitzan duten eragina aztertzeko helburuarekin”. Tailerretako partaideek hiri segurtasunari buruzko azterketa egin dute, Getxoko hiri diseinuari lotutako arazoak aztertuz, tartean, lurpeko pasabideak, gutxi argiztatutako aldeak, ikuspen urriko kantoiak… Horiekin batera, ekipamenduen, gune publikoen, mugikortasunaren, garraioaren, eta abarren egoera ere aztertu dute, emakumeen presentziari, kontziliazioari eta erantzunkidetasunari lotuta.

Tokiak eta jarduerak

Diagnostikoak udalerrian emakumeek seguruak sentitzen ez dituzten toki batzuk jasotzen ditu. Hala ere, "horrek ez du esan nahi leku horietan beste inon baino eraso gehiago iman direnik", zehaztu zuen atzo Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak. Azaldu zuenez, “guneak aztertzeko erabilitako parametroak dira emakumeek sentitzen duten ikusmeneko kontrol eza, entzuna eta ikusia izateko zailtasuna, zikinkeria edo argiztapen eta ihes egiteko biderik ez izatea”. Zinegotziak gehitu zuen Udala, une honetan, ondoko tokietan atzemandako egoerak hobetzeko lan egiten ari dela:

- Alangoko osasun zentroko aparkalekuan oinezkoentzako pasabide segurua piboten artean egokitzea eta beste aldeko espaloirako pasabidea seinaleztatzea eskatu dute emakumeek. Udalak errepideko beste aldean egin du hori, aparkatzeko tokiak mantendu ahal izateko eta oinezkoentzako segurtasuna areagotzeko. Gaur egun, urbanizatzeko lanak egiten ari dira, espaloiko pasabideak zehaztuz. Euskal Herria eta Alango kalea lotzen dituzten eskailerak amaitzen dituztenean, herritarrak osasun zentrora heltzeko bidea hobetuko da. Sarbide mekanikoak jartzea aztertzen ari da Udala.

- Aiboako metro geltokirako sarbideak hobetzeko, une honetan, Txakursolo kaletik heltzea errazteko igogailua eraikitzen ari dira (ziurrenik otsailaren amaierarako amaituko dutena, udal arduradunen arabera). Bestalde, egungo balaustradak eragindako egoera hobetzea aztertuko da eta landaretzaren mozketa zainduko da, horrek ikuspena oztopa ez dezan. Inguruko argiztapena ere aztertuko dute (nahikoa dela pentsatu arren), baita egungo farolak aldatzeko aukera ere, argiztapenaren pertzepzioa handiagoa izan dadin. Nabarmendu behar da igogailua ipintzeko lanak egin diren aldean argiztapena hobetzeko lan egin dela iadanik.

- Areneondo eta Euskal Herria kaleen arteko lurpeko pasabidea goiko pasabide batekin ordezkatzea eskatzen dute emakumeek. Hala ere, Ingeniaritza Arloak ez du hori bideragarritzat jotzen, "metroko bi aldeen arteko desnibela handia delako". Konponbidea argiztapen egoera aztertzean datza, udal arduradunen aranera; "nahiz eta altuera eskasagatik argiak ekintza bandalikoen menpe edo etorkizunean metroa lurperatzeak baldintzatuta egon". Desnibela gainditzeko arrapalak ipintzea ere aipatu da eta hori Udalak aurreikusita dauka jada. Desnibela gainditzeko sarbide mekanikoak jartzeko egitasmoa ere aurreikusita dago.

- Salsidu kalea ardatz egituratzailea izaten mantentzea eskatzen da; baita merkataritza lonjak etxebizitza bihurtzea ekiditea ere. Hori lortzeko. dagoeneko arautegi berria onartu du Udalak. Arrapalak ere egin dira eta argiztapen ikerketa eramango da aurrera.

- Plentzia Hiriko pasabideen argiztapena hobetzea eskatu da, baina bertan ere sabaiaren altuera txikiak zaildu egiten du hori. Hala ere, egoera hobetzeko asmoz, ikerketa bat egingo du Udalak.

- Getxoko Andra Mari eliza inguruan zokorik gabeko eta argiztatua egongo den pasabidea jartzea eskatzen dute. Udalak Bentatik elizara argiztapena areagotzeari ekin dio. Era berean, komunetan egon daitezkeen zokoak (arriskutsuak izan daitezkeelako) kentzeko, ateak aurreratzeko lanak jarri ditu martxan jada tokiko erakundeak; eta uztailaren amaierarako bukatuta egotea espero dute. Era berean, inguruko landaretzaren egoera aztertuko dute, erasotzaileek ezkutatzeko tokirik izan ez dezaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun