Guardia Zibilak
uztailaren 29an egindako polizia operazioak "normaltasunez aritzeko oztopoak" ekarri zizkion
Gaztesareari. Hori dela eta, gazte informazio ataria
ixtea erabaki zuten joan den astean. Baina, bihartik aurrera, gazte mugimenduak atari digital berria izango du:
Topatu.info. Azaldu dutenez, "gazteon topaleku izango den web orrialdea jaio da. Ostiraletik aurrera egonen da martxan. Bertan izango dugu Euskal Herriko gazteok elkarren berri jakiteko parada, elkarrengandik ikasteko abagunea. Gure esperientziak trukatzeko gunea izateko helburuarekin jaio da. Gure arteko komunikazio zubiak eraikiko ditugu". Hori egia bilakatzeko, ordea, Topatu.info-k "ezinbestekotzat" jotzen du elkarlana: "Gure herri eta auzoetan egiten ditugun ekimenen eta egoeraren berri emateko zuen parte hartzea ezinbestekoa da", aipatu dute agerkari digital berriko arduradunek. Horretarako nahikoa da
topatuinfo[abildua]gmail.com postara testu, argazki, audio zein bideoak bidaltzea. Gainera, sareak ematen dituen beste zenbait bitarteko ere baliatuko dituzte. Hala, publikatzen den albiste oro Twitter eta Facebook bidez ere zabalduko dituzte, berehalako informazioa jasotzeko eta ahalik eta eremu gehienetara iristeko. Koska irratian ekoizten den
"Irauli Uhinak" irratsaioak ere aurrera darrai. Argazkian, uztailaren 29an, 700 bat lagunek salatu zuten Iker Acero Algortako surflari ezaguna eta Gaztesarea.net-eko gainontzeko kideen atxiloketak. Era berean, Gaztesarea Euskal Herriko gazte atariari sostengua ere adierazi zioten.