Algortan, Iturgitxi parkean, umeentzako jolaslekuaren eremua handiagotzeko lanak amaitu dituzte jada. Gaur goizean bertan Imanol Landa alkateak aurkeztu duen jolastokia, orain, lau bider handiagoa da: 108 metro koadro zituen lehengoak eta 439 ditu oraingoak. Jolaslekuaren barruan gune desberdinak jarri ahal izan dituzte, umeen adinaren arabera. Gainera, parkean bertan, saskibaloian jolasteko kantxa egokitu dute eta saskia ipini dute umetxoentzat. Jolaslekuaren bost gune desberdinak, bata bestearekin lotuta daude. Bestalde, berdeguneak berriro diseinatu dituzte eta eserleku berriak ipini dituzte, udal iturriek zehaztu dutenez. Lanak egiteko orduan parkea erabiltzen dutenen iradokizunak jaso direla ere aipatu dute. "Zabaltze lanekin, beraz, inguruko bizilagun askoren eta Iturgitxi, Basarrate eta Villaondoeta kaleen artean dagoen parkea erabiltzen duten beste lagun askoren eskaera asebetetzen da", tokiko agintarien ustez. Lan horien aurrekontua 180.000 eurokoa izan da eta Espainiako Gobernuak emandako diru laguntzaren kontura egin da. Argazkian, udal arduradunak saskibaloian jolasten / ©
Getxo.net.