Marisa Arrue
Getxoko PPren bozeramaileak gaur adierazi duenez, bigarrenez aurkeztu die Udal Gobernuak Getxo Antzoki berriaren proiektua eta, hasieran erakutsi zutenaren alderatuta, "zeharo ezberdina" da oraingo honetan. Popularren ustez, jarri nahi duten eremuaren zabalera kontuan hartuta, "neurrigabekoa" da altxatu nahi zuten eraikina. Arruek azaldutakoaren arabera, elkarrekin loturiko modulu bi izango ditu: bata Getxo Antzokia bera hartzeko; eta bestea, musika eskolarako. Eraikinaren "handitasuna" ikusita, alboan dagoen eraikina, Telefonicaren egoitza zena, aipatu enpresari erosi edo "epe luzez" alokatzea proposatu du Getxoko PPk; bertan Algortako musika eskola jartzeko. Horretarako, mozioa aurkeztuko dute urtarrilaren 29ko udal osoko bilkuran. Hori horrela, "San Nikolas plazan jarraipena izango lukeen parke handi bat jartzeko toki nahikoa utziko litzateke", Arrueren esanetan. Horretaz gain, "Getxo Antzokia ondoko etxeetatik urrunago geratuko litzateke, eremu irekiagoa eta atseginagoa sortuz", ordezkari popularraren arabera. Argazkian, Telefonicaren eraikinaren inguruan dabiltza lanean, Getxo Antzoki berria altxatzeko asmoz.