Uribe Kosta-Butroe Biotopo Babestuaren izendapena helburu duen prozesuari ekiteko
eskatu zioten maiatzean Eusko Jaurlaritzari
Astondopunta,
Eguzki,
Ekologistak Martxan, Lannius, Talaia, Txipio Bai eta
Txirpial talde ekologistek. Halaber, eskaera horrekin bat egin zezatela galdegin zieten Bizkaiko Batzar Nagusiei zein Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoizko udalei. Foru erakundeak naturalisten eskakizunari oniritzia ematea erabaki du jada, Ekologistak Martxan taldeak zabaldu duenez. Lakuako Gobernuak Uribe Kosta-Butroe eremua babesteko neurriak aztertzeko asmoa dauka eta, horretarako, txostena osatzeko agindu dio Euskal Herriko Unibertsitateari. Adituen irizpena eskuan erabakiko lukete inguru horri zein "babes irudi" aplikatu. Gauzak horrela, Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzen dituzten alderdi politiko guztiek aho batez erabaki zuten, joan den astearteko osoko bilkuran, Jaurlaritzaren erabakiari babesa adieraztea. Halaber, Uribe Kosta-Butroeri biotipo babestu edo bestelako izendapen bat emateko prozesua ahalik eta lasterren abiaraztea eskatu diote Lakuako Gobernuari. Argazkian, Alex Cearreta geologoa, Iñaki Ortigosa Txipio Baiko presidentea eta Joserra Ortiz Ekologistak Martxaneko kidea maiatzaren 20ko prentsaurrekoan.