Patxi Lopezen agintaldiak Urdulizko ospitalearen proiektuari ere ekarri dio aldaketa. Bigarrenez aurkeztu dute egitasmoa, gaur bertan. Rafael Bengoa Osasun sailburuak azaldu duenez, aurretiko kargudun
Gabriel Inclan jelkideak aurkeztutakoa eta oraingo proiektuaren arteko desberdintasuna "kontzeptua" bera da: Uribe Kosta inguruko 167.000 bat biztanleri arreta emateko asmoz, espezialitate mediko eta kirurgiko gehiago izango ditu zentroak, onkologia barne, Gurutzetako ospitalearen menpe egon behar izan gabe. Hala ere, espezialitate gutxi batzuetarako Barakaldo aldera edo Basurtura joaten jarraitu beharko dute gaixoek. Bestalde, lehen mailako arreta zerbitzua emango diete oraindik orain Areetako osasun zentrora joan behar izaten duten Urduliz inguruko lagunei. Eraikuntza lanak datorren hilean esleituta, 2010eko apirilean jarri nahi dute lehenengo harria; obrak 2013ko martxoan bukatu eta handik bi hilabetera, maiatzean, zabaldu ahal izateko. Andra Mari elizatik gertuko orube batean altxatuko dute Uribe Kostako ospitalea. 2013ko irailean, berriz, ama-umeentzako blokea altxatzen hasiko dira horren parean; Gurutzetako ama berrien atala arintzeko asmoz. Azken hori 2015eko ekainean zabaldu nahi dute. Argazkian, Bengoa azalpenak ematen gaur, Julian Perez Osakidetzaren zuzendari orokorraren eta Javier Bilbao Urdulizko alkateordearen (ezkerretik eskuinera) begiradapean.