Metro Bilbaok azaldu duenez, "Maidagan kalea etetearen arrazoia da euri-urak eta ur beltzak bideratzeko instalazioak ezarri behar direla. Ur horiek lurpetik joango dira kale horretan zehar trenbide-pasaguneraino". Une honetan, enpresa adjudikazio-hartzaileak metroaren egungo trazadurarekiko paralelo doan behin-behineko trenbide bat instalatzen ari dira. Trenbide hori beharrezkoa da zulatze-lanak hasteko aukera emango duten lurrak libre uzteko.
Aldaketak Bizkaibusen
Maidagan kaleko trafiko-etenak aldaketak ekarriko ditu Bizkaibusen hiru lineatan. Urtarrilaren 25etik aurrera, ondoko linea hauek Bidezabal kaletik eta Aingeruaren Etorbidetik desbideratuko dira Getxora heltzeko: A2164 Getxo-EHU (Makaleta Etorbidea ), A3414 Bilbo-Getxo (Artxandako tuneletatik) eta A3471 Getxo-Gurutzeta (Faduratik). Beste abisurik ez dagoen bitartean, Maidagan kaleko 22 eta 59 zenbakietako geralekuak kendu egingo dira. Horien ordez, Bidezabal kaleko geralekua (Benantzio bidegurutzea) eta Aingeruaren Etorbideko 34 zenbakikoa (Benta) jarriko dira, hurrenez hurren.