Txetxu Fernandez Burgosetik Langraizera eraman dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urt. 24a, 21:03

Txetxu Fernandez Algortako euskal preso politikoa urtarrilaren 15ean eraman zuten Burgosko espetxetik Langraizera, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Igande horretan bisita izan zuten berarekin, eta gainerako preso politikoekin dago moduluan. "Txetxuri ez diote aldaketaren arrazoirik azaldu, baina tratamenduko arrazoiengatik izan bide da", errepresioaren kontrako mugimenduak azaldu duenez. 1992ko maiatzaren 12an atxilotu zuten Txetxu Fernandez bere emazte Marian Perez del Riorekin batera, Barrikako euren etxean. Espetxeratu zituztenean hiru seme alaba txikiak utzi zituzten kalean, amamarekin bizi izan zirenak. Carabanchel, Brieva, Langraiz eta Logroñoko espetxeetan izan ondoren, Marian 1999ko irailean eraman zuten Martutenera. 2003ko hasieran kalera irten zen baldintzapeko askatasunean, baina fiskalak errekurritu egin zuen eta urte bat beranduago itzuli zen espetxera berriro. Azkenean, 2007ko ekainaren 30ean askatu zuten. Bien bitartean, Txetxu 30 urteko espetxe zigorra ari da betetzen eta erredentzioak aplikatuta 2010ean kaleratuko litzateke, Parot doktrina aplikatzen ez badiote. Kasu horretan, 2022ra arte ez lukete askatuko. Argazkian, auzokide bat Txetxu Fernandezen argazkia sostengatzen, aurreko batean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun