Amnistiaren Aldeko Mugimendua: "Euskal preso politikoen eskubideen bermea euskal gizarteak egindako lanaren ondorio izango da"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urt. 24a, 21:23

Hemen bildu gara, presoekiko elkartasunak mugiarazten gaituen lagun eta pertsonak, bai eta presoen senide, presoen abokatu, zein preso ohi hainbat ere. Amnistiaren aldeko mugimenduak zera adierazi nahi du gaurko honetan: lehenik eta behin, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duen preso bakoitzari elkartasunik sentituena bidali nahi diogu Euskal Herritik. Zabaldu berri duten borrokaldian aritzeko behar duten indarra, maitasuna eta kemena igorri nahi diegu hemendik. Beraiekin gaudela adierazi. Argazkian, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak agerraldia burutu zuen larunbat goizean Hernanin eta borrokaldiaren laugarren astean sartu den EPPKri elkartasuna adierazi zion, besteak beste / cc Askatu.org.

Presoen ahalegina txalotu eta goraipatzea da barruak eskatzen diguna. Jakina da, azken urteetan muturreko egoerak areagotu direla presoen kolektiboarentzat. Hala nola, kondenak luzatuz eta baldintzapeko askatasuna ukatuz, gaixotasun larriak dituzten presoak giltzapean mantenduz, isolamendua areagotuz eta dispertsioaren politikan sakonduz urruntze eta traslado arbitrarioen igoera nabarmen baten bitartez. Testuinguru gordinean bizi dira preso politikoak, bizi baldintza duinetatik oso urrun. Hala ere, presoen kolektiboak makurtzetik urrun, tinkotasuna eta kemena erakutsi du, aldarrikapen erabat demokratikoak mahai gaineratzeko. Beraien ekarpena eginez, Euskal Herrira aldaketa politiko eta demokratikoa ekar dezakeen bide bakarra bultzatzeko: prozesu demokratiko bat hain justu ere.

Preso politikoak gatazkaren parte eta ondorio dira. Izaera politikoa duen kolektiboa osatzen dute eta hori, presoek bezala guk ere aldarrikatu egiten dugu. Bi gobernuek ez dute hori aldarrikatzen noski, baina espresuki kolektibo honi zuzenduriko politika berezia ezarri dute; preso politikoak direlako, gatazka politikoaren parte eta ondorio direlako.

Presoen kolektiboa gatazkaren parte eta ondorio den neurri berean, beronen konponbidearen parte eta ondorio ere izan beharko da derrigorrean. Euskal Herrian aldaketa politiko eta demokratikoa burutzeko eta errotzeko, presoak funtsezkoak dira. Beraien parte hartzea funtsezkoa da, eta ezartzen zaien politikak, eszepziozko izaera murriztailetik eskubideetan oinarriturikoa izatera igaro behar du. Honenbestez, kartzela politikak, suntsitzailea eta murriztailea izatetik, eskubideetan ezaugarriturikoa izatera igaro behar du aurrerantzean.

Gauza batean inolako zalantzarik ez dugu: Euskal Herrian dagoela presoen eskubideak bermatu ahal izateko bermea. Euskal Herriak, joan den urtarrilaren 2an Bilbon egin bezala, presoen eskubideen aldeko mobilizazioaren bitartez lor dezake honako egoera gainditzea. Horretarako, gure ustez konpromiso kolektiboen etapa berria zabaldu behar da Euskal Herrian. Helburu argi bezain zilegi eta demokratiko batekin: presoak Euskal Herrian izan daitezen, beraien eskubideen jabe. Horrek zera esan nahi du, presoei ezartzen zaizkien muturreko egoerak bertan behera geratuko direla, hala nola 20 urte espetxean daramatzari kondena luzatzea edo minbizia duenari askatasuna ukatzea. Honenbestez kondena bete duten eta gaixorik diren presoen bahiketak, sakabanaketak eta isolamenduak amaitu egin behar dutela uste dugu. Euskal Herriko sektore politiko, sozial, sindikalen eta norbanakoen bultzada eta konpromisoa beharrezkoak izango dira euskal preso politikoen eskubideen bermea eman dadin.

Bukatzeko, Gatzak aurten espetxean 30 urte betetzen dituela gogora ekarri nahi dugu. Nelson Mandelak 27 bete zituen Apartheidaren kontra Hego Afrikan borroka egiteagatik eta asko zein askotariko eta ospe handiko erakunde eta adituk kontsideratu zuten honakoa ankerkeria onartezin bezala. Gatzak 30 beteko ditu eta oraindik espetxean mantentzen dute. Gatzari agurrik beroena. Bere askatasuna beste behin ere irmoki aldarrikatzen dugu. Gatzaren askatasuna aldarrikatzea auzibidean da gainera, hainbat lagun epaituko baitituzte arrazoi horrengatik datorren asteazkenetik aurrera Espainiar Auzitegi Nazionalean. Haiei ere gure elkartasuna helarazi nahi diegu hemendik. Bide batez, elkartasuna antolatzen jarraituko dugula ere adierazi nahi dugu, azken presoa etxera ekarri arte, azken iheslaria herrira itzuli arte eta azken errepresaliatuak, errepresaliatu izateari utzi arte.

Mila esker.

Amnistiaren Aldeko Mugimendua (AAM)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun