Bikoteak gogor lan egin zuen hurrengo urteetan eta, azkenean, Plentzian lursail bat erosi eta etxea eraiki zuten. Bertan, zortzi seme-alaba izan zituzten. Juliak ortua eta azienda zaindu, eta hondartzan txirlak biltzen sos batzuk ateratzen zituen. David, berriz, igeltsero aritu eta zortzi seme-alabez arduratzen zen, lau mutil eta lau neska. "Arropa dena berak egiten zigun, ilea moztu, zinemara edo Logroñon eskolan zeuden bi arreba gazteak bisitatzera eroan. Neba-arreba guztiok berdin hezi gintuen eta denok ikasi genuen denetik egiten: josten, plantxa egiten, garbitzen...". Baina, 1972ko maiatzaren 5ean, alargun gelditu zen Julia, senarra gaixotasunez hilda. Bost eta bederatzi urte beranduago, beste bi galera handi izan zituen, Dabi eta Mario semeena.
Seme militanteen heriotzak
Orain dela hamaika egun, hilaren 14an, 32 urte bete ziren Dabi Alvarez Peña ETAko militantea hil zenetik. 1977ko abenduaren 18an lau gazte Lemoizeko zentral nuklearraren aurkako ekintza prestatzen ari zirenean enfrentamendua izan zuten Guardia Zibilaren kontra. Enfrentamendu horretan Dabi larriki zauritu zuten. Beste hiru lagunek lortu zuten alde egitea, erabilitako ibilgailua han utzita; Dabi ere han geratu zen, lurrera erori baitzen sabelean jaso zuen tiroaren eraginez. Lagunek atzera egin zuten laguntzeko, baina Dabik ihes egin zezaten ekin zien bera bizkarrean hartuta ihesa ezinezkoa izango zatekeelako. 27 egun beranduago, urtarrilaren 14an, Basurtuko Ospitalean hil zen.
Alvarez Peña familiak kereila kriminala jarri zuen Dabiren heriotzarengatik, baina ez zuen aurrera egin. Gaitzespen eta salaketa ugari eragin zituen haren heriotzak. Euskal Herrian leku askotara hedatu zen greba orokorra eta Basurtuko ospitaleko langileek ere beren gaitzespena azaldu zuten Dabi Alvarezek jasan zuen egoeraz.
Mario Alvarez Peña, berriz, 1981eko martxoaren 17an hil zen. Egun horretan, gaueko bederatziak aldera, ETA militarreko eledun batek, urduritasun eta samin handiz, honako hau adierazi zion "Egin" egunkariari: "ETA (m)-ko kidea naiz. Entzun ondo esango dizudana eta, mesedez, jakinaraz iezaiozu berehala familiari. Mario Alvarez Peña, gure erakundeko kidea eta Dabiren anaia, istripu batean hil da. hilotza Barrikako hilerriko atarian dago, manta batek estalia. Arren, esaiozue hau lehenbailehen bere familiari, Sopelan bizi da".