Bilboko 2 zenbakidun Administrazioarekiko Auzi-Epaitegiak hile honetan kaleratutako epaiaren kontrako helegitea aurkeztea erabaki du, Imanol Landa alkatearen bitartez,
Getxoko Udalak. "Udaletxeko kanpoaldean, barruko toki nagusi batean eta herri-zerbitzuetako gainontzeko eraikinetan Espainiako bandera era iraunkorrean jartzea beharrezkoa dela" ebatzi du aipatu auzitegiak. Getxoko PP izan da tokiko erakundeari sententzia bete dezala exijitzen lehena. Eduardo Andrade zinegotzi popularra ebazpenaren "zehaztasuna eta biribiltasuna" izan ditu aipagai: bere ustez, "interpretazio eta zalantzetarako aukerarik ez du ematen". Andradek aipatu duenez,
2007ko urrian eta
2009ko ekainean Getxoko PPk berak aurkeztutako mozio bana onartu zituen, gehiengo osoz —PP eta PSE-EEren botoekin—, Udalbatzak. Oraingo honetan, urgentziazko mozioa aurkeztu dute popularrek, urtarrilaren 29ko osoko bilkurara begira, sententzia bete dezala eskatuz Udalari. Bitartean, helegitea jarriko denez, "epaiaren behin betiko konfirmazioa izan arte, ez da bete behar izango", Landa buru duen Gobernu Taldeko iturriek adierazi dutenez. Beraien hitzetan, "konfirmazioa Udalak aurkeztuko duen helegitea bideratzen duen Epaitegi Gorenak erabaki beharko du". Argazkian, Marisa Arrue eta Luis Almansa Getxoko PP eta PSE-EEren bozeramaileak, aurreko batean, bandera espainola eta ikurrina atzean.