"Euskaldunon Egunkaria"-ren independentzia eta pluraltasuna defenditu dute gaur defentsaren hiru lekukok, epaiketako laugarren saioan, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Iñaki Zabaleta Egunkaria Sortzen taldeko partaidea, Imanol Murua Uria kazetako langile ohi eta Egunkaria Sortzeneko kidea, eta Jose Luis Zinkunegi jesuiten burua izan dira epailearen aurrean. Txomin Aizpurua ETAko kide ohiak ere adierazi du berak ez zuela "Egunkaria"-ren sorrera garaiko txostenik ezagutu; epaiketako aurreko saioan hiru presok ere berretsi zuten ETAk ez zuela kazetaren sorreran parte hartu. Epaiketako lehen saioan —abenduaren 15ean—, gauza bera aldarrikatu zuten bost auzipetuek. Xabier Oleaga Erandioko semea, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai auzipetuek hedabideen aurrean esan dute egia nagusituko dela. Asteazkenean segituko du epaiketak. Etzikoa izango da epaiketaren bosgarren eta azken saioa. Argazkian, Xabier Oleaga erandioztarra abenduaren 19ko nazio manifestazioan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!