"Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak aginduta", Algortako Ereaga hondartza alboko Begoña gazteluko "galerietan hotel bat altxatzeko baimen-espedientearen bideratzea dela eta, egiten ari diren azterketa teknikoak aholkatzen du aldez aurretik neurriak hartzea, eraikin horren aurrealdearen egoera txarragatik izan litezkeen lur-jausiei aurre egiteko", Getxoko Udaleko iturriek adierazi dutenez. Ingurutik dabiltzan oinezkoen segurtasuna babestu aldera, ingurua ixtea erabaki dute. Barcelo kateak luxuzko hotela egin nahi du Begoña gazteluko galerietan. Hala ere, hainbat traba aurkitu ditu bidean, Eusko Jaurlaritzaren txostenak tartean. Inguruko bizilagunak ere ez dira atzean gelditu: 2009ko maiatzean
proiektua gelditzeko errekurtsoa aurkeztu zuten Arriluze Kaiko auzokide elkarteek, horrek euren "etxebizitzak lekututa dauden mendi magala hondeatzea aurreikusten duelako". Euren ustez, "legez kontrakoa da egitasmoa". Gorrondatxe kultur elkarteak, Getxo aldeko bizilagunek osatutako Sendoa elkarteak, Eguzki talde ekologistak, Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldeak (UKTEST), Andra Mariko Auzo Elkarteak, Antena Ez taldeak, Koska Irratiak eta Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteak, berriz, hainbatetan aldarrikatu dute Begoñako gazteluko galeriak
erabilera publikorako izan daitezela. Argazkian, proiektuaren inguruko erakusketa, aipatu elkarteek antolatuta.