Ekimenak blog propioa badu ere, Facebook-en ere lekua hartu du, dozenaka lagunek atxikimendua eman diotela. Bizarra Lepoan Getxo udalerriko euskara elkarteak ere eskakizunekin bat egin du. "Terrazan euskaraz" agiriarekin bat egiteko, Izen-abizenak eta ENA, EHNA edo DNI terrazaneuskaraz@euskalerria.org posta elektronikora bidaltzea baino ez da egin behar.
"Terrazan euskaraz" manifestu osoa:
Terrazan, euskaraz
Getxoko Udala Ereaga hondartzako Terraza izeneko taberna publikoa esleitzeko baldintzak prestatzen ari da, testu hau sinatu dugunok berriki jakin izan dugunez.
Hori dela eta, bertoko eta berezko hizkuntzan jarduten dugun komunitate euskalduneko kideok hainbat kontu gogoratu beharra dugu:
• Hasteko, oraindik orain, XXI. mendean, Getxo udalerriko hainbat gune publiko zein pribatutan euskaraz normaltasunez arreta jasotzeko eskubidea ez da betetzen.
• Aurrekoa konpontze aldera, Getxoko Udalak bere “Euskara Biziberritzeko Getxoko II. Plan Nagusia”ren 2008ko otsailaren zirriborroan (planaren azkeneko testua argitaratu bada ez gara topatzeko gai izan), “Administrazioa” atalean “zerbitzu publikoen kudeaketarako kontratuetan” eta “zerbitzuen kontratuetan” hizkuntza irizpideak ezartzea finkatu zuen. Gainera, “herritarrekin harrera euskaraz izatea bermatu, telefonoz zein aurrez aurre eta ahozko kanpo-harremanetan euskararen erabilera bermatzeko bideak jarri (herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetako langileen artean bereziki)” aurreikusi zuen.
• Plan berean, “Lan mundua” atalean, “Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko, sektore hauetan egin indarrik handiena: merkataritza-ganbarak, ostalariak, tabernariak, enpresari txikiak eta enpresari- elkarteak, elkargoak eta sindikatuak” proposatu zion bere buruari Getxoko Udalak:
• Bestalde, euskaldunon hizkuntz eskubideen artean daude Euskal Herriko saltoki eta enpresetan harremanetarako euskara erabiltzea eta zerbitzu egokia jasotzea. Adibidez, horrela jasotzen du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako 2003an onarturiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 37. artikulua.
• Terraza tabernari dagokionez, orain arte esleipenaz gozatzen zuen tabernaria jubilatu egin da eta oraindik orain taberna kudeatuko duen inor ez dago.
Aurrekoak kontuan hartuta, honakoak eskatzen dizkiogu Getxoko Udalari:
• Terraza taberna publikoa esleitzeko baldintzen artean, zerbitzari guztiak bezeroei euskaraz arreta egiteko kapazak izan daitezen exijitu dezan.
• Terraza tabernako errotulazioa eta idatzizko elementu guztiak, gutxienez euskaraz izatea eska dezan.
• Horrelako baldintzak hemendik aurrerako esleipen publiko guztietan aplikatzea.
Zure sinadura gehitzeko:
• Bidali izen-abizenak eta ENA, EHNA edo DNI terrazaneuskaraz@euskalerria.org posta elektronikora.