Tamalez irakaskuntzaren panorama guztiz ezberdina da, batzuen elikatzeak beste askoren gosea dakarrelako. Korronte pedagogiko modernoen oldarrak betitik eskatu izan du aldaketa bat, baina hezkuntza sistemak sistema sozio-ekonomikoaren eskutik lotuta urak geldiarazteko presa egiteaz arduratu ohi da, hainbat andre eta gizon handiren ideiak merkatuaren zerbitzura jarririk, aldaketa erabat zapuztuz. Zorionez irakasle batzuen asmorik ederrenek gure herrietan gela asko kolorez janzten dituzte, baina goiz ala berandu sistemaren zuri-beltzeko fotogramekin topo egingo dute. Gaur konpetentzietan oinarritutako ikaskuntzari bidea zabaldu nahian, zentro batzuetan proiektuka funtzionatzeko hautua egin dute, eta berorietan talde lana eta ahaleginaren garrantzia nabarmentzen diren arren banakako azterketa zorrotzen harresiarekin topo egingo dute, “onak” saritu eta “gaiztoak” zigortu egingo dituzten probak alegia, era horretan banaka zein taldeka landu den konpetentzia joko aberasgarri ederra joko konpetitibo basati latza bihurtuz.
Eta batzuek esango duzue mota horretako probak umea zailtzeko baliagarriak izan daitezkeela, goi-mailetara hurbildu ahala hori eta gehiago eskatuko dietela… Arrazoi puntua ukatu barik ere, argi dago sistemaren helburu nagusia ikasleak babes oinarriez hornitu baino euren arteko sailkapena ezartzea dena, eta urtetik urteko bereizketa horrek etorkizuneko menperatzaile eta menperatuak bereiztuko ditu, bata bestearen gainean ezarririk.
Gure artean badirudi “elkartasuna” berba modan dagoela, eta bereziki ahoa erabat betetzen zaigu, gure jendarteak hori duela eskas adierazten dugunean. Beraz bada sasoia ikasgeletan elkartasunean oinarritutako proiektuak eta ebaluazio sistemak ezartzeko, ezen denok gurdi berean goazen, batzuek tiraka besteek geldoago agian, baina gurdi berean eta bidai txartel berdinaz gainera. Eta hori behetik gora hasi behar da gauzatzen, “goikoek” zer egingo duten itxaron barik.
Josu Gotzon Landeta (Irakaslea)