Euskal Preso Politikoen Kolektiboari (EPPK) elkartasuna adierazteko
gose-greba egiten ari diren sei leioaztarrek eguerdiko 12etan zeukaten Berbalamiñe euskara elkartearen egoitzatik ateratzeko agindua. Ordurako hogei bat lagun zeuden bilduta lokalaren kanpoaldean, haiei ere babesa emateko.
Gose-grebalarietako batek salatu duenez (mp3), gaur bertan jaso dute Udalaren ezetza eurek aurkeztutako baimen eskaerari, itxialdia "astelehenetik ostiralera" egingo zutela adierazi zieten arren. Zehaztutako ordua baino hogei bat minutu beranduago heldu dira bertara udaltzainen bi buru. Baina, tentsio uneak tartean, denbora gutxira joan dira etorritako tokitik poliziak, lokal barruan zeudenak Udalaren idatzizko erantzuna jaso eta aterako ez zirela erantzun ostean. Ondoren, itzuli dira udaltzainak, 14:30ak aldera, irtenarazte aginduarekin. Gose-grebalariek ez dakite noiz eta nortzuk bueltatuko diren. Zantzu guztien arabera, Ertzaintza joango zaie. Bitartean, aurreikusitako ekimenekin jarraituko dute. Gaur bertan kontzentrazioa egingo dute, 20:00etan, Bulebarrean. Argazkian, udaltzainetako bat atean eta gose-grebalariak barruan.