Gobela ondoan bizi diren auzotarrak pozik agertu dira, uriolen arriskua murriztuko duten
lanak hastear daudelako. "Azkenengo asteetan beste gairik ez zegoen Salsidun eta Neguri Langilen, bereziki 2008ko uholdeetan kalteturik izan ginenen artean", azaldu dio UKBERRI.NETi bizilagunetako batek. Urtebetez, Salsidutik Faduraraino eta Larrañazubitik Etxezurira tarteetan lan egingo dute, orotara hiru zubi kenduko dituzte eta ibilgua zabalduko dute ezkerraldetik, hori guztia uholdeen arriskua murrizteko. Baina, auzokideen ustez, Gobela inguruko premiazko neurri deitu ziren —ia urtebeteko atzerapenez hasiko dira, gogoratu dutenez— hauek "ez dute zentzu handirik Gobela egokitzeko plan osoa burutzen ez bada, eta, bereziki, burutzen ez den bitartean, eraikuntza gehiago egiten bada Gobela inguruan". "Beraz, auzotarrok pozik gaude Uholdeetako Batzordean egindako lanak izan duen behin-behineko emaitzagatik, baina zain eta, bereziki, erne, erakundeek ziria sar ez diezaguten; adibidez, arazoa konpondu barik, etxe berriak eraikitzeko baimenak eman ez ditzaten uholde-arriskua desagertu baino lehen", azaldu dutenez. Horrek egoera berriz okertuko luke eta. Argazkian, egitasmo osoa gauzatu arte zain bai, baina ez dira geldirik geratuko Gobela inguruko auzokideak. Inplikaturiko erakundeekin lan egiteko prest agertu dira /
© Arantza Gutierrez.