Itzubaltzetan hasitako obren lehen fasean, Kresaltsu kalean moztuko dute trafikoa, Kalamua eta Santa Eugenia kaleen artean. Trafiko etete horrek hilabete eta erdi iraungo du, eta horren eraginez, Kalamua kalean norabidea aldatuko dute. Santa Eugenia kalean sartzeko norabidea ere aldatu egingo da, Urkizu eta Kresaltsu kaleen artean. Zamalanetarako bakarrik sartu eta atera ahal izango da, Amalloa kaletik. Lanak epeka egingo dituzte eta Udalak trafiko etete eta norabide aldaketei buruzko informazio zehatza emango du (bai hedabideen bitartez, bai atalondoetako postontzien bitartez...).
Urkijon ere zirkulazio aldaketak
Bestalde, “Gobelondo eta Urkijo kalean plataforma bakarra egiteko” lanak ere ostegunean hasiko dira, eta horiek, aurrekoen antzera, zirkulazioan aldaketak eragingo dituzte. Hain zuzen, Urkijo kalea itxiko dute ibilgailuentzat, bi hilabeteko zolatze lanak amaitu arte, Andres Larrazabal eta Club kaleen artean. Garajeetan eta zamalanetarako guneetan Club kaletik sartu ahal izango da. Lan guzti horiek eragin ditzaketen trabak ulertzea eta barkatzea, eta seinaleei adi egotea eskatu die herritarrei Udalak.