Arratsaldeko 17:10 aldera berrekin diote "Euskaldunon Egunkaria"-ren aurkako epaiketako bosgarren saioari, guardia zibilen bi perituren adierazpen harrigarriekin,
Berria.info agerkariak adierazi duenez. "ETAk zenbateraino eragin zuen Egunkaria-ren administrazio kontseilua izendatzeko orduan?", galdetu dio Dignidad y Justicia herri akusazioko abokatuak peritu bati, eta honek erantzun du "Egunkaria"-k ez zuela akziodunik eta datuak faltsutu egiten zirela. "Boterea gutxi batzuen esku zegoen". Beste batek gauza bera, AVT herri akusazioko abokatuaren itaunari ihardetsiz: "Datu baseak faltsutu egiten ziren". Baina ez dute argitu ETAk agintzen zuenik, akusatzen duten bezala. Ez dute ustezko datu base faltsurik erakutsi, nahiz eta kazeta itxi zutenean goitik behera miatu zituzten honen egoitzak. Euskarazko kazetak urtero egin zituen akziodunen batzarrak; azkena,
2002ko ekainaren 15ean. "Egunkaria"-ren sorreran herritarren artean egindako diru bilketa ETArekin lotu dute guardia zibilek, "hori egitea ohikoa delako ETA eta KAS inguruan". Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak goizeko saioan jakinarazi duenez, gaurkoaren ostean otsailaren 1ean, 2an eta 3an jarraituko dute auzi saioek; hain zuzen ere, 3an amaitzeko. Epaiaren zain geratuko dira orduan. Argazkian, abenduaren 19ko manifestazioaren burua Bilboko udaletxean.