Parkea gai zeltei dago lotuta, hain zuzen ere, zuhaitzen horoskopo zeltikoari. "Kultura hori, oraintsuko ikerketa batzuen arabera, estu lotuta dago euskal tradizioarekin. Dublingo Trinity Collegeko zientzialari talde batek ziurtatu du Irlandako lehenengo biztanleak Euskal Herritik eta Galiziatik heldu zirela, beraiekin zenbait fauna eta flora espezie eramanez; horiekin, irlan finkatu eta beraien leinua ezarri zuten", azaldu dute udal leioaztarreko arduradunek. Azterketa zehatz baten ondoren, Trinity Collegeko Smurfit Genetika Institutuko Dan Bradley irakasleak dio irlandarrek, euskaldunek eta galiziarrek kromosoma eta antzekotasunak partekatzen dituztela beraien kultura eta ohituretan.
Zuhaitzak kulturaren muina
Hori dela eta, kultura zeltaren elementu bat berreskuratu nahi izan du Leioako Udalak: zuhaitza. Zuhaitzak kultura zeltaren muina izan ziren. Izan ere, beraien astrologian, zuhaitza biziaren eta babesaren sinboloa da. "Hori euskal kulturari estu lotuta dagoen ezaugarria da; Gernikako haritzaren sinbologia gogoan hartzea baino ez dugu. Basoak druiden katedralak ziren", azaldu dutenez. Horrela, bada, urtaroko zuhaitz-magian inspiratuta, druidek horoskopo babeslea sortu zuten, eta zuhaitz bakoitza urtearen sasoi batekin lotu zuten. Horrenbestez, 21 zuhaitzez osatutako horoskopoa sortu zuten. Bi zuhaitz ekinozioetarako, bi zuhaitz solstizioetarako eta gainerako 17 zuhaitzak egutegiko aldi distantziakide eta kontrajarrietarako. Zuhaitz zehatz baten erreinupean jaiotako pertsonek zuhaitz horren ezaugarriak eta babesa jasotzen zuten bizitzan.
Sare natural zabala
Parkea sare natural zabala osatzen duten beste berdegune batzuei gehitu zaie. Udal arduradunen arabera, "Leioak udal ikur bihurtu du herrian berdeguneak sortu eta mantentzeko helburua". Hori horrela, udalerriak parke handiak ditu, hala nola, Artatzakoa eta Pinosolokoa (biek batera, 22 hektarea, hau da, 225.000 metro koadro dituzte), baita EHUren Arboretum delakoa ere (16 hektareakoa), udal geografia osoan zehar banatutako auzo-lorategi ugariez gain: Zarragabarrena, Aramaioena, San Bartolome, Ugarteondo, Ondiz, Aldapa, Elexalde, Anporrena, Bordeoena, Kurkudi, Mendibil...