Eguerdiko 13:40 aldera heldu dira hiru udaltzain Berbalamiñe euskara elkartearen egoitzara, Eneko Arruebarrena Leioako alkateak emandako agindua betearazteko asmoz. Barruan zain zituzten, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari (EPPK) elkartasuna adierazteko, gose-greban diren sei leioaztarrak. Euren kabuz irtengo ez zirela esan eta, polizia buruaren dei bat nahikoa izan da, agudo, 7 udaltzain gehiago eta Ertzaintzaren furgoneta eta patruila auto bana agertzeko. Lehendabizi, eskaileratan eta barandan zeuden beste 16 herritarrak aldenarazi dituzte ertzainek. Ondoren, banan-banan eta "arrastaka" atera dituzte gose-grebalariak tokiko poliziek, kanpoko lagunek "Hau ez da demokrazia!" ozen oihukatzen zuten bitartean. Ordu bietarako dena bukatuta zegoen; identifikaziorik edo atxiloketarik ez da egon. Hala ere, joan aurretik, Berbalamiñeren egoitza zigilatu dute udaltzainek. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!