Getxo Antzokirako egungo proiektua "ahal direnen artean hoberena" dela dio Landak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urt. 29a, 10:07

"Auzokideek beraiek eta kultur elkarteak luzatutako eskaerak eta iradokizunak kontuan harturik" egindako aldaketen eta doitzeen ondoren, Getxo Antzokirako egungo proiektua "ahal direnen artean hoberena" da, Imanol Landa alkatearen iritziz. “Herritarrek bezala, oso proiektu ona dela uste dugu, egungo euskal arkitektorik hoberenetariko batek gidatuta; Getxok kultur hazkundearen hasiera edukitzeko guztiz beharrezkoa. Bide horretan, elkarteen aldeko jarrera argia du. Gainera, hirigintzako suspertzerako eta Algortako berpizte ekonomikorako ere berebizikoa da. Horregatik ezin du atzerapenik jasan”, azaldu zuen atzo udal mandatariak. Emandako datuen arabera, herritarren gozamenerako, hasieran planteatutakoa baino 728 metro koadro gehiago izango dituen plaza edo espazio publikoa eta oztopo arkitektoniko gutxiago aurreikusten dira, behin betiko proiektuan. Getxoko PPk gaurko udal osoko bilkurara eramango duen mozioari erantzunez egin zituen adierazpenak tokiko agintariak. Marisa Arrue buru duen alderdiak Telefonicako eraikina erostea edo epe luzerako alokatzea proposatu, bertan Algortako Musika Eskola jarri eta, horrela, antzoki berriaren inpaktua gutxitu aldera.

Hala ere, PPek Getxo Antzokirako egindako proposamena "une honetan ez da bideragarria eta ez dator errealitatearekin bat", Landaren iritziz. “Eraikin berriaren bolumena eta kokapena udalbatzan onartu zen aho batez”, 2008ko urriaren 31n, gogoratu zuen tokiko agintariak. “Proiektua bultzatzeko EAJen eta PSE-EEren konpromiso argia” eduki duten udalbatzako beste akordio batzuk irakurri ondoren, Landak aipatu zuen popularren planteamenduak "egungo proiektua bertan behera uztea" suposatuko lukeela eta une honetan, lanak martxan daudela, "arduragabekeria" izango litzatekeela. Telefonicaren eraikina erosteko aukera eta Getxo Antzoki berria kokatzeko espazio publikoa zabaltzeko beste ideia batzuk aztertu ei ziren aurreko legegintzaldian, baina, alkateak esan duenez, “Telefonicak ez zuen salmenta burutzeko inolako interesik agertu”. Egun, Basagoiti etorbideko eraikinean dagoen makineria guztia non jarri izan omen zen arazo nagusietako bat. Argazkian, orain bi ostegun txikitu zuten San Nikolas plazako kioskoa.

Landaren hitzetan, “proiektuaren inguruan egon daitezkeen desadostasunak eta ikuspegi desberdinak errespetatu" egiten ditu Udalak; "baita auzokide batzuek beraien interes partikularren alde egiten duten defentsa legitimoa ere, baina nik proiekturik hoberena dela konbentzituta nagoenez guztien interesa defendatu behar dut. Kontzientea naiz hauteskundeen aurreko urte honetan gai honen erabilera politikoa egingo dela”, adierazi zuenez.

Proiektua aurrera doa

Joseba Arregi Hirigintza zinegotziaren arabera, “Getxo Antzokiaren diseinuan eta hori berau inguruan guztiz ondo doitzeko hiru urte daramatzagu. Hasierako proiektutik egundokora gauza asko aldatu dira: orain ez da eraikin bat, bi baizik; ez da kolore ilunekoa izango, iragazkorra baizik (Musika Eskola eta Getxo Antzokiaren artean, eraikineko atzeko partera joateko pasabidea izango da eta espazio publiko handiago geratuko da); lurzoruaren maila igoko da; zabalik egongo da (barrukoak ikusi ahal izango dira eta inguruan argiztapena jarriko da); eta lerrokatzeak doituko dira inguruko auzokideei ahalik eta gutxien molestatzeko. Altuera San Nikolas elizakoa baino txikiagoa izango da". Espazio publikoei dagokienez, hasierako proiektuarekin baino 700 metro koadro gehiago izango dira, udal arduradunaren hitzetan. Dena egongo da maila berean, bi plazekin, Andres Cortina kalea oinezkoentzat bihurtuz...

Lanei dagokienez, otsailaren amaieratik aurrera, oinezkoentzako bi sarbide egokituko dituzte: bata eraikinen ondotik, Andres Cortina kaletik; eta bestea, Basagoiti etorbideko pasabidetik. Otsailaren azken egunetan ere behin betiko hesia jarriko dute, 1,10 metrokoa; 2 metrora arteko sare-begiarekin; "inguruko komertzioei argitasuna ez kentzeko eta lanak begi-bistan izateko", Arregik esan zuenez. Hesia lur azpiko parkingaren sabaia (2013ko uda inguruan) itxi arte eta herritarren erabilerarako azalera libre izan arte egongo da jarrita.

Bai alkateak, bai Hirigintzako zinegotziak, adierazi zutenez, “inguruko auzokideekin harremanetan egon gara eta egongo gara. Herritarren iradokizunak ahal izan dugun neurrian hartu ditugu kontuan, gure jarrera ahalik eta gehien malgutzen. Lanerako arkitekto bat egoten da tokian bertan egunero herritarrak artatzeko eta ahal diren hobekuntzak egiteko. Obraren informazioari dagokionez, informazio hain handia izan duen obrarik ez da inoiz egon”. Besteak beste, bizilagunak igaro behar diren obretako hainbat puntutan argiztapena areagotu egin dutena aipatu du Arregik. Duela aste batzuk, Algortako San Nikolas plaza inguruetan "segurtasunik eza" handiagotu egin dela salatu zuen bertoko auzo elkarteak.

Inguruko merkatari eta ostalariei hainbat zerga eta tasa gutxitzeko Getxoko PSE-EEk gaurko aurkeztutako mozioari buruz, horren aurka egin ez eta aztertu egingo dutela esan zuen Landa alkateak. Gauzak horrela, proposamena zehaztasun handiagoz aurkezteko eskatu zion Luis Almansa buru duen alderdiari. Hala ere, argi utzi zien alkateak sozialistei "udalerri osoa obretan daukagula" eta beste gune horietan ere saltzaile eta tabernariak badaudela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun