Datozen bi asteetan Areetako Santa Ana eta Maximo Agirre kaleetako zati batzuk itxi egingo dituzte berriro, Getxoko Udalak urtarrilaren erdialdeaz geroztik Santa Ana auzoan tamaina handiko ezkiak inausteko egiten ari den aldian behingo lanak direla eta. "Gogoratu behar da inausketarekin arbola handi guzti horien adaburuak txikiagotu egingo dituztela, horien egituraren egonkortasunari eutsi eta zuhaitzen osasun maila zein den zehatzago ezagutzeko", tokiko iturriek zehaztu dutenez. Inauste lan horiek direla eta, —beti ere, eguraldi ona egiten badu egingo dira—, aipatu kaleetako zati batzuk zarratu egingo dira. Horrek eragina izango du ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorrietan. Horrenbestez, astelehenetik (otsailak 1) aurrera, Santa Ana kalea itxiko zaio zirkulazioari, Gobela eta Novia Salcedo kaleen artean. Astearte eta asteazkenean, otsailaren 2 eta 3an, kale bera zarratuko dute Novia Salcedo eta Benantzio Etxebarria artean; eta osteguna eta ostiralean, hilak 4 eta 5, Benantzio Etxebarria eta baselizaren arteko tartean. Argazkian, 2008ko urriaren 21ean, Santa Anako ezkietatik 16 ebaki zituzten.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!