Eli Zubiaga eta Unai Beaskoetxea: "Adierazi EH"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urt. 29a, 12:01

Hamarkada bat baino gehiago igaro da jada Espainiako estatuak Euskal Herriko jendartearen sektore zabal baten kontrako ilegalizazio estrategiari ekin zionetik. Politika hori, gainera, "in crescendo" etengabean joan da, ondorio benetan tamalgarriekin. Salbuespen egoeraren ezaugarriz jantzi da jende askoren egunerokotasuna; zentsura eta inkisizio filosofia ezarri da. Mugak eta agintekeria. Espainiako estatuan iritzi eta adierazpen askatasuna, antolatzeko eskubidea, manifestatzekoa, edota justizia berme guztiekin izateko eskubidea ezinezko egin dira. Eskubide horien aldarria egitea bera ere delitu bihurtu dute. Frantziako estatuak ere, bere aldetik, antzeko bideari ekin dio, bere egitura juridiko-politikoan sartzen ez direnen lan politiko-soziala kriminalizatuz. Argazkian, 2009ko martxoaren 25ean Espainiako Justiziak aske utzi zuen Eli Zubiaga Algortako alaba, bere senideek 6.000 euroko fidantza ordaindu ostean / Public Domain - Etengabe.

Eskubide politikoen bermea maldan behera doa, irristakor. Azken atxiloketak, ilegalizazio prozesuak, Espainiako Auzitegi Nazionaletik sustatutako sumario politikoak, horiek guztiek hutsune larri bera dute: ez daukate justiziaren logikaren zantzurik ere. Demokraziaren oinarriak hankaz gora bota dituzte, eta beste era bateko logika nagusitu da: Estatuaren logika.

Gero eta argiago ikusten da oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituztela estatuek; hain zuzen ere, gure Herriaren borondate askean oinarritutako aldaketa politikoa eragozteko. Eta, bide batez, oztopatu eta zangotrabatu egiten dute horrela gaur egungo gatazkaren parametroak gainditzea. Eskubideen urraketa etengabe horrek, beraz, kalte pertsonal handiak eragiteaz gain, Euskal Herriko bizitza politiko eta sozialean eragin latza dauka. Horrela, bada, eztabaida politikoa desitxuratua dago, jendartearen zati zabal batek ezin du aurrera eraman ekintza politiko eta sozialik; hauteskundeak eta instituzioak desnaturalizatuta daude, ez dira benetako jendartearen ispilu. Eskubidedun herritarren eta eskubide bako herritarren arteko dikotomia sortu da.

Espainiako gobernuaren errepresio estrategia hori ezbaian ipini dute nazioarteko komunitateko hainbat instantziatan, eta bereziki "terrorismo" kontzeptuaz egiten ari diren interpretazio zabal bezain maltzurraz ohartarazi dute. Nazio Batuen Erakundea argi mintzatu da horretaz; nahiz bere iritzi kritiko hori isildu izan den hemen. Nahiago dute Estrasburgoko epaia behin eta berriro aipatu, sufragio eskubidearen urraketa justifikatzeko. Hala ere, Estrasburgoko erabakiak Europako Batasunaren baitan ere eragin ditu kontraesanak. Izan ere, logika bera erabili dute oraintsu Turkian, hautetsi kurduak instituzioetatik kanporatzeko.

Zentzua daukan inork ezin du esan askatasunak babesteko askatasunak moztu egin behar direnik; eskubideak hobeto babesten direla urratzen direnean. Gizatasun apur bat duenak ezingo dio muzin egin politika injustu horiek hainbat pertsonarengan eragin duten minari. Atxilotu, torturatu eta espetxeratu egin dituzte, euren iritziak adierazteagatik edo bizitza publikoan parte hartzeagatik. Eta begi-bistakoa da, horrez gain, askatasunen mozketa horrek herritarren parte-hartzean eta instituzioen eraketan eduki duen eragin maltzurra.

Urte hauetan guztietan hainbat ekimenek egin dute bidea urraketa horiek salatzeko. Ilegalizazioei erantzun zabala emateko dinamikak ugari izan dira. Aukera Guztiak agertu zen, mahai plurala hauteskundeetan egoteko eskubidea bermatzeko; 18/98+ plataformak pentsaera ezberdinak bateratzen asmatu zuen, guztiak eskubide zibil eta politikoen alde bideratu eta epaiketa politikoei aurre egiteko. Eraso zehatzei ere eman izan zaizkie erantzunak, eta sarritan piztu dira hainbat elkartasun ekimen. Hainbat formatutan adierazi izan dira milaka ahots, norabide berean.

Uste sendo bat dugu: une egokia da mezu honi berriro ere ekiteko, salaketa eta aldarrikapenean jarraitzeko. Badaude egoera honi guztiari aurre egitearen aldeko haizeak; horrela ikusi da azken hilabeteotan, ia bat-batean aktibatu izan direnean erasoen aurrean pentsaera ezberdineko hainbat pertsona eta talde. Askotariko sektoreak ekimen bateratuetan. Horrek erakusten du jendartearen multzo zabal-zabala dagoela gaur egungo eskubide urraketa hori gainditzearen alde.

Horregatik ekin diogu azken hilabeteotan eragile politiko, sozial, sindikal eta kulturalekiko eta hainbat pertsonarekiko harreman dinamikari. Oraintxe aipatutako hausnarketak partekatu ditugu, eta ahalik eta sintonia zabalena lortze aldera egin dugu lan hori. Egia da oraindik ere herri honetan indartsuak direla urruntzen gaituzten elementuak. Erraza da hori nabarmentzea ere; errazegia. Korapilatsuagoa dirudi batzen gaituzten elementuak adostea. Baina argi ikusten dugu herri honetan pentsaera politiko ezberdinekoak batu gaitezkeela, guztion artean adostutako helburuen alde.

Horregatik uste dugu beharrezkoa dela esperientzia horiei, ahots horiei, hauspoa eta oinarria ematea, eta pauso bat harantzago ematea. Ekimen zabal bati itxura eta mamia emanez, osotasuna emango liokeena eraso injustu horiei eman beharreko erantzunari. Beharrezkoa ikusten genuen herri ekimen berri bati ekitea, bide horretan aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarriari haizea eman behar zaiola pentsatzen duten herritarren espazio partekatu bat. Ilegalizazioen estrategia amaitu egin behar dela dioen ahotsa herri oso baten ahotsa izan dadin.

Adierazpen librea izanik bere logika, bere aurkezpena deklarazio edo aldarrikapen baten bitartez egingo da. Euskal jendartearen aurrean, Espainiako eta Frantziako estatuen aitzinean, Europa eta munduaren aurrean egingo den deklarazioa, berehala berrezar dadin demokrazia, eta, beraz, eskubide zibil eta politikoen berme osoa. Printzipioen aldarrikapen bat, oinarrizko eskubideen dekalogo bat, horixe izango da bihar, larunbatarekin, Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztuko dena. Musika, antzerkia, dantza, irudiak, argia eta hitza erabilita adieraziko dugu oinarrizko aldarrikapena: herri honetan dauden ideia eta iritzi guztiak itzuli behar direla libre, plaza publikora. Helburu horrekin bat egiten duen pertsona orok dauka lekua ekitaldi honetan.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan...

Algortako Eli Zubiaga eta Bilboko Unai Beaskoetxea auzipetuek idatzitako iritzi artikulua. Zubiaga urtarrilaren 23an atxilotu zuten D3M alderdiaren aurkako operazioaren baitan. Garzonek irailean auziperatu zuen, "ETAko kide edo laguntzaile izatea", Iker Rodrigo lutxanarra, Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra eta beste sei lagunekin batera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun