Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak deituta gaur iluntzean bederatzi elkarretaratze izango dira Uribe Kosta eta Erandion. Sopelan, kontzentrazioa bukatuta, itxialdia hasiko dute udaletxean, larunbateko ordu batera arte. Amaitzeko, 13:00etan, manifestazioa egingo dute Sopelako kaleetan zehar. Modu horretan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari (EPPK) elkartasuna adieraziko diete sopeloztarrek. Ondoren, Bilboko Euskalduna Jauregian izango den "Adierazi EH" izeneko ekimenera. Herritar talde batek antolatuta, “eskubide zibil eta politikoak errespetatu eta bermatzeko” ekitaldia egingo dute, 18:00etatik aurrera. Andoni Mendizabal (Lokarri), Josu Murgia (Aralar), Jon Aritz Bengoetxea (EA), Unzalu Salterain (EHNE), Modesto Garcia (Hiru) eta Itziar Fernandezek (Emakundeko kidea), besteak beste, ekimenarekin bat egin dute. Argazkian, atzo Berbalamiñe euskara elkartearen egoitzan itxita zeuden sei gose-grebalariak kanporatu zituen Leioako Udaltzaingoak, Ertzaintzak zainduta.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!