Gaurko prentsaurrekoan irakurritako oharra:
Egunon eta eskerrik asko etorri zareten guztioi.
Espainiar eta frantziar gobernuek abian duten errepresio estrategiaren bidez muturrera eraman dute espetxeetako egoera. Euskal preso politikoak jazarpen eta presio izugarriaren jomugan dira.
Sakabanaketa politikoak indarrean dirau. Eta bisitetarako joan etorrian iadanik 16 senide eta lagun bidean hil egin dira. Gure auzolaguna den Pagoa Zulueta, Zaragozako Daroca espetxean dago. Leioatik 348 kilometrotara.
Larriki gaixorik eta gaixotasun sendaezinak dituzten presoak espetxean mantentzen dituzte, heriotza zigorraren marrara eramanez. Horren adibide dugu Juanjo Rego Vidal preso donostiarraren egoera: pasa den hilabetean bihotzekoa izan ostean, espetxean jarraitzen du. Ezin dugu ahaztu Anjel Figueroa algortarraren egoera, zein etxean egonda preso aurkitzen da, dituen baldintzen ondorio.
Kondena beteta duten presoak kartzelan mantentzen dituzte, praktikan biziarteko espetxe zigorra legeztatu dutelarik. Horren adibide dugu Patxi Gomez: 20 urte espainiar espetxeetan sakabanatuta egondakoa. Orain, kalean, Auzitegi Gorenak Parot doktrina ezarri dio eta beste hamar urtetarako espetxeratu nahi dute. Edo Gatza, 30 urte egingo dituela espetxean eta bere askatasuna eskatzeagatik, nahiz eta akusazioak jakin ez zer esan ekitaldi horretan, 5 euskal militante auziperatu dituzte.
Egoera hauez gain isolamendua, bakartzea, eta egunero ematen diren eskubide urraketak jasan behar dituzte. Azken hilabeteetan senideen aurkako jazarpena aregotu egin da, Ondorioz, aurrez aurreko bisitetara sartu ahal izateko jasan behar dituzten miaketei uko egin ondoren, aurrez aurreko bisita barik geratzen ari dira preso eta senide askok.
Presoei izaera politikoa ukatzen dieten bitartean beraien aurka hartzen ari diren muturreko neurriek agerian uzten dute ukatua zaien izaera politikoa.
Egoera honen aurrean , Euskal Preso Politikoen Kolektiboak borrokaldia abiatu du, dagozkien eskubideen aldarrikapena egiteko. Borrokaldiaren baitan, itxialdiak, plantoak, komunikazio grebak eta aste honetan gose greba egiten ari dira.
EPPK-k egiten dituen aldarrikapenekin bat eginez, aste honetan leioaztar talde batek, beraiekin bat egiteko asmoz barau astea abiatu dugu. Baraualdia egiteko, udalari lokal bat uzteko eskaria egin genion. Astelehenean erantzunik ez jasotzerakoan, herriko elkarte bateko lokalean baraualdia abiatzea erabaki genuen. Atzo, alkatearen aginduz lokal horretatik kaleratuak izan ginen, munipak polizia politiko bihurtuz. Arratsaldeko udal batzan, goizean gertatutakoa idazki batez salatzera hurbildutako auzotar talde bati aretora sartzea galarazi zigun, bere benetako aurpegi prepotente eta faxista erakutsiz. Eneko, herria ez da zurea! Zure alderdikoak ez garen herritarrok ere eskubideak ditugu. Baina, ez ezazue pentsatu, horrelako erabakia hartzeagatik, gure borrokaldiarekin amaituko duzuenik. Ez, ez, ez eta ez. Kolektiboaren aldarrikapenak muturreraino eramateko konpromisoa hartu dugu eta eramango dugu.
Udalak hartu duen jarrera salatu nahi dugu eta bide batez galdera bat luzatu udal gobernuari eta osoko batzarrari. Espainiar eta frantziar gobernuek darabilten politikarekin bat egiten duzue, ala? Badakigu batzuk baietz, zuek diseinatu duzuelako, baina beste batzuek nahiz eta kontra azaldu, praktikan argi uzten duzue behin baino gehiagotan ere bat egiten duzuela. Bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Gaur 20:00etan denok Bulebarrera!.
Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztien jabe!