Itzubaltzeta / Romon, gaur eguerdian, hainbat lagun batu zaizkie herrian zehar presoen aldeko auto karabana egiteko. Bihar, berriz, goizean prentsaurrekoa eta arratsaldeko 7etan kontzentrazioa egingo dituzte, azken hori Kolas plazan.
Sopelari dagokionez, elkarretaratzearen ostean itxialdia hasi zuten udaletxean hainbat lagun, eta bertan izan dira gaurko 13:00ak arte. Ordu horretan, herrian zehar manifestazioa egitekoak ziren. Modu horretan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari (EPPK) elkartasuna adierazi nahi zieten sopeloztarrek. Ondoren, Bilboko Euskalduna Jauregian arratsaldeko 6etan izango den "Adierazi EH" izeneko ekimenera abiatuko dira.
Algortan ere, gaur elkarretaratze berezia egin dute EPPKren borrokaldiaren laugarren astea bukatzearekin batera.
Atzo amaitu zen Leioan astelehenetik EPPKko kideekin elkartasunez bertako sei lagunek aurrera eraman duten gose greba. Tartean Udalaren aldetik hainbat oztopo izan dutela, hileko azken ostiraleko kontzentrazioarekin batera eman zioten bukaera protestari. Baina haiek utzitako lekua azkar bete zuten Itzubaltzeta / Romon eta Sopelan. Batzuk zein besteek, preso gaixoak eta zigorra beteta dutenak kaleratzea aldarrikatu eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenei behin behineko askatasuna ematea eskatu dute. Itzubaltzetan, 15 bat lagun sartu ziren atzo iluntzeko 9ak aldera elizako lokaletan, bertan asteburuko baraualdiari ekiteko asmoz. Argazkian, atzo Itzubaltzetan egindako azken ostiraleko elkarretaratzea desegiteko agindua eman zuen Ertzaintzak (