Adolfo Suarez 1982an sortu zuen CDS alderdi espainolak datorren 2011ko udal hauteskundeetan Getxon aurkezteko asmoa adierazi du. Izan ere, alderdiak berak herenegun Twitter sarean iragarri zuenez, "datozen 2011ko udal hauteskundeetan zerrenda lehiakorra aurkeztu ahal izateko gogor lan egiten saiatuko gara". Era berean, Gobela ibaiaren egoeragatik kexu agertu eta "Getxorako benetako aldaketa" izatea aldarrikatu dute. CDSk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen batzordearen presidentea Lander Lizundia Gutierrez getxoztarra da. Lizundia CDSko Gazterien Batzorde Exekutibo Nazionaleko partaidea ere bada, Kanpo Arazoetarako idazkari ardura duela. Bestalde, futbol 7ko kimu mutikoen B Ligan, Sopelako Ander Deuna ikastolako A taldeaz arduratu zen pasa den ikasturtean. Azkenik, Lizundia Gutierrez Muxikatik aurkeztu zen 2007ko udal hauteskundeetan, PPko zerrendaburua zela. Popularrek 7 boto besterik ez zuten lortu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!