Auzipetutako zazpi gazteetatik bi ez zeuden arren, gaur egin dute lehengo Itzubaltzeta gaztetxearen hustuketaren inguruko epaiketa, Bilboko Penaleko bigarren zenbakiko epaitegian, Buenos Aires kalean. Falta ziren bi mutiletako bat ez zegoen etxean zitazioa eraman ziotenean. Beraz, ez zuen jasotzerik izan. Bestea, aspaldi bizi da Galizian eta, bideokonferentziaz deklaratu nahi zuen arren, ezin. Zazpientzat 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, "ordena publikoa nahastea" egotzita. Horretaz gain, 40 eguneko kalte ordaina (10 euro eguneko) eskatzen du gaztetxe aurrealdean identifikatutako hiru lagunentzat, ertzainei aipatu irainak egitea leporatuta; baita 15 eguneko kalte ordaina (10 euro eguneko) ere, kalteak eragin zituztelakoan.
2004ko irailaren 27a
2004ko irailaren 27an, goizez, dozenaka lagun batu ziren Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kaleko gaztetxe aurrean, Getxoko Udalak eraikina botatzera bidalitako hondeamakinari bidea oztopatzeko asmoz. Salaketak dioenaren arabera, "Gora ETA!", "Zipaio, entzun, pin, pan, pun!", "ETA hil itzazu!" eta horren pareko oihuekin hartu zituzten bertaratutako ertzainak. Bitartean, beste hainbat gazte omen zebiltzan zaramontziak gurutzatzen, trafikoa moztuz. Gaztetxe barruan zeuden lau gazteak, berriz, harriak botaka aritu zirela eta su-itzalgailu bat hustu zutela dio akusazioak.
Bestelakoa da gazteen ikuspuntua. Mutiletatik bik adierazi dutenez, eraikinaren azken pisuko balkoian jarri ziren beste bi lagunekin batera, koltxoien azpian, "gerturatutako komunikabideek gaztetxea husten ari zirela erakuts zezaten". Hori berau berretsi du gaur deklaratu duten bederatzi ertzainetatik batek. Aipatu beharra dago polizia horietatik lau ez zirela tokian bertan egon, gertaeren ostean komisarian beste ertzainei testigantza hartzen baizik. 52.477 zenbakidun agenteak aipatu duenez, sartu zirenean ez zuten erresistentziarik aurkitu barruan zeuden gazteen partetik; euren kaxa atera ziren. Eraikinetik "txuri-txuri eginda" atera ziren arren, ez du ziurtatzerik izan aipatu lau lagunek su-itzalgailua hustu zuten ala ez. Gaur epaitutako gazteetatik bi, berriz, kanpoan identifikatu zituzten. Euren hitzetan, Ertzaintzaren aldetik baino ez zen eman indarkeria, eserialdi baketsu baten kontra oldartu zirela, hainbat lagun zaurituz.
Mutiletako batek aipatu duenez, besotik helduta eduki zuen ertzainetako batek. Auzipetuaren hitzetan, agenteek "kontua ez atzera, ez aurrera" zegoela ikusi zutenean, zera esan zion polizietako batek besteari: "utziozu, egurra ematen hasiko gara eta". Bere garaian, lesio agiria ere aurkeztu zuen gazteak, sudurra apurtu ziotela frogatzeko. Lehenengo oldarraldiaren ostean, tokira bueltatu ziren neska-mutilak, "barruan zeuden lagunen egoeraz kezkatuta". "Orduan, bi agentek datuak eskatu eta ukabilka hartu ninduten, gainean piza egin nuen arte. Koltxoi baten kontra ere jarri ninduten, sudurra zapalduz", gazteak salatu duenez. Gaztetxe barruak atzeman zuten mutiletatik batek, berriz, "tortura psikologikoak" salatu ditu: "Banan-banan gela ilun batean sartu gintuzten eta bertan utzi, paretak jotzen zituzten bitartean. Gutako baten gaua Basurtun emango zuela ere esan ziguten", azaldu duenez.
Argudio nahikorik ez
Andoni Hernandez lau gazte horien abokatuaren arabera, "agenteetatik batek berak ere ez du eman, auzipetuak, leporatzen dizkieten delituengatik zigortzeko argudio nahikorik". Bi ertzainek baino ez dute auzipetu banak irainak bota zituztela aitortu, harriak jaurtitzeaz eta zaramontziak gurutzatzeaz ezertxo ere ez. 52.475 zenbakidunak gazteetako batek objektuak botaka ibili zela esan arren, Hernandezek kontra egin dionean, "dagoeneko sei urte direla" erabili du aitzakiatzat. Izan ere, ez zuen horrelakorik aipatu gertaeren egunean, atestatuaren arabera. Irainen izaera, ordea, "argi" zeukaten gaztetxe aurreko lerroan egon zirela deklaratu duten lau polizia autonomikoek, baten "Entzun, entzun, pin, pan, pun!" esan ziotela aipatu duen arren. Halaber, "zalantzarik ez" dute izan, "ordena publikoa nahastu" zela esateko orduan. 121 zenbakiko Getxoko udaltzainak, baina, ez zeukan horren argi. Tokiko poliziak aipatu duenez, "bortitza beharrean aktiboa" izan zen gaztetxe aurrean bildutako lagunen jokabidea. "Agian, irainen bat botako zuten, bai; baina, inondik inora leporatzen zaizkienak", aipatu duenez. Eraikin aurrean egon zirela onartu zuten bi auzipetuek adierazi bezala, bildutakoek egindako oihuak gaztetxeen aldeko aldarriak izan zirela esan du udaltzainak; "Herri bat, gaztetxe bat", adibidez. Kalte delituari buruz, "txintik ere ez" da aipatu, Hernandezen hitzetan.
Alfontso Zenon abokatuak defendatutako mutilaren egoerari dagokionez, lan egiten zuen aldamio enpresaren nagusiak ere deklaratu behar izan du gaztearen bertsioa berresteko. Azaldu duenez, 2004ko irailaren 13an izan zuen lan istripua orduan San Inazion bizi zen lagunak, gaztetxearen hustea gertatu eta bi aste lehenago beraz. Egun batzuk ospitalean egon ostean, Mutuan egin behar izan zuen errehabilitazioa, 2004ko abenduaren 8an sendagiria eman zioten arte. Hori dela eta, bere defenditua seinalatu duen 52.478 zenbakidun agentearen kontrako salaketa iragarri du Zenonek (mp3). Beste horrenbeste egingo du Andoni Hernandez gaur epaitutako beste lau gazteek abokatuak (mp3). Biek ala biek euren bezeroen absoluzioa eskatu dute.
Kaltetutako autoa
Akusatuek epaiketa egin arte sei urte itxaron behar izana aringarri izateko eskaera egin du Hernandezek. Bere hitzetan, “sei urteko aulki-zigorra bete behar izan dute, euren bizitzako sei urte. Beraz, bidegabetzat jotzen dut gazte hauek zigortzea”. Alfontso Zenonek defendatutako mutilari dagokionez, “nahikoa dela” adierazi du. Zenonek berak “demokrazioan berez egin beharko litzatekeen gauza” egin behar izan duela aipatu du: “nire bezeroaren errugabetasuna frogatzea, alegia, akusazioa denean horren erruduntasuna ziurtatu behar duena”. Gertaeren egunean kalteak jasandako autoari dagokionez, hori ere aringarri izateko eskaera egin du Hernandezek. Ibilgailuaren jabeak hasieran salaketa jarri, baina gerora kendu egin zuen gaztetxeko neska-mutilek kalteak ordaindu zizkiotelako. Gaur aipatu duenez, kalteak “gazteek eraginda, zaramontziak kentzeko orduan edo hondeamakinak eraginda” izan ziren ez daki. Izan ere, lanetik etorrita aparkatu eta, hurrengo egunean, hartzera joan zenean ikusi zituen kalteak. “Ordaindu zidaten gazteek ez zuten sekula esan kalteen eragileak eurak zirenik. Desalojoaren ondorioak auzotarrek ordaindu behar ez izatea baino ez zuten nahi”, azaldu du autoaren jabeak. Hernandez abokatuaren arabera, “ertzainen pilotakada batek eraginda ere” izan zitezkeen kalteak.