Larunbatean, otsailak 6, arratsaldeko 5:30ean abiatuko da Bizkaia mailako finalaurrekoa Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Bertan, aldaketa nabarmenak izango daitezke antolakuntzan. Esate baterako, arauek hasieratik lau erregerekin jolastea agintzen badute ere, kontrakoa onartzen dute jokalari guztiak ados egonez gero. Horrela, Uribe Kostan, mahaian izandako bikoteek beti kontrakoa iritzi diote, eta partida guztietan zortzi erregeak erabili dira. Durangon, dena den, ohiturak bestelakoak dira. Endika Intxaustik Leioako kanporaketan esan zuenez, "okerrena da bertan lau erregeetara jolastu beharra, jokoa zeharo aldatzen baita". Intxaustik badu horretan eskarmentua. Izan ere, Euskal Herriko bosgarren gelditu zen aurreko txapelketan. Aurten, oraingoz, Durangon egoteko sailkatu da.
Txapelketaren finala, berriz, Seguran izango da, martxoaren 20an, oraindik ordua eta lekua ez dituztela zabaldu. Euskal Herriko II Mus Txapelketa Orreaga eta Iparra-Hegoa elkarteek eta Bai Euskal Herriari ekimenak antolatu dute. Besteak beste, AEK, "Berria", "Gara", "Deia" eta Info7 irratiak laguntzen dute.