“Berangoko emakumeak. Atzo, gaur eta bihar” izeneko egitasmoan parte hartzera deitu ditu 0 eta 2 urte arteko neskatxoak Berangoko Udalak. Helburu horrekin, tokiko erakundeak gutuna helarazi die udalerrian erroldatutako adin horretako 80 neskei. Otsailaren 6an (10:30etik 12:30era), larunbata, Berangoetako kultur etxera joatera gonbidatu dituzte, argazki-saio batean parte hartzeko, euren ama eta senideekin batera. Martxoaren 6an, udal pilotalekuan erakusketa zabaltzea ahalbidetuko duen egitarauaren azken deialdia da hori. Erakustaldiak gertuko historiaren protagonista izan diren udalerriko emakumeen irudi sorta eskainiko du. Agueda Otxandategiren aurpegia izango da ibilbidearen abiapuntua, bere anaia Simon bezala, XIX mendean herriaren ongile izan zena, hain zuzen ere. Horrekin batera, urtarrilaren 5ean jaiotako Berangoko azken neskatoaren irudia egongo da. Parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea kultur etxeetako batean. Bihar, hilak 3, amaituko da horretarako epea. Argazkiak bidali nahi dituzten pertsona guztiek oraindik daukate horretarako aukera, e-postaz, ondoko helbide elektronikoan: berangokoemakumeak[abildua]gmail.com Argazkian, Berangoko hainbat neskato / © Berango.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!