Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak egindako eskaera atzera bota zuen joan zen asteazkenean Frantziako justiziak,
"El Correo Español" egunkariak adierazi duenez. Gauzak horrela, egun, aipatu herrialdean preso dagoen Aitor Artetxe algortarra ez dute Espainiara eramango, 2007ko abuztuaren 24an izan zen Guardia Zibilaren Durangoko kuartelaren kontrako atentatuan parte hartzea egotzita epaitzeko. Pariseko Apelazio Auzitegiak gogoratu du aurreko ebazpen batean ere euro-agindua "osatugabetzat" jo zuela, eta datu gehiago bidaltzeko eskatu zion Garzoni Edith Boizette epaile frantsesak. Lehen aipatu egunkariak adierazi duenez, Baltasar Garzon epaileak joan den asteazkenean, hilak 27, plazaratu zuen Artetxe bera zein Arkaitz Goikoetxea getxoztarra eta Jurdan Martitegi durangarra auziperatzeko autoa. Dagoeneko
azaroaren bukaeran gazte algortarra estraditatzea onartu zuen Pariseko Apelazio Auzitegiak, 2008ko maiatzaren 19an Areetako
Abrako Errege Itsas Klubaren aurkako erasoan parte hartzea leporatuta epai zezaten. Halere, Frantzian erakunde armatuko kide delakoan zabalik duen sumarioa burutu arte ez dute Espainiara eroango. Aitor Artetxe Frantzian preso dago
2008ko abenduaren 8an atxilotu zutenetik. Argazkian, Aitor Artetxeren irudia, Algortako beste bi euskal preso politikoren palen artean.