Getxoko Udalbatzak behin betiko onartu zituen, joan den ostiraleko osoko bilkuran,
2010eko udal aurrekontuak, 88 milioi euroko zenbatekoan. EAJren zinegotzi guztiek eta PSE-EEko ordezkariek erdiak, bik, eman zuten aldeko bozka. PP eta Alternatiba taldeek, berriz, ezezkoa eman zioten aurrekontuei; eta gainontzeko bi zinegotzi sozialistek zuri bozkatu zuten. Getxoko PPk, emandako ezetzaren arrazoiak berriro gogora ekarri zituen arren, gainontzeko alderdi politikoak ez ziren eztabaidetan sartu, talde bakoitzaren jarrera argi geratu zelako pasa den abenduko udal batzarrean. Udalbatza saioko zati handi batek PPk Algortako Basagoiti Etorbideko Telefonicako eraikina erosi edo epe luzerako alokatzeko egindako proposamenaren gaineko eztabaida izan zuen ardatz. Antzoki berriaren inpaktua gutxitzeko asmoz, bertan, Algortako Musika Eskola jartzea eskatua zuen Mari Arrue buru duen alderdiak. Hala ere, osoko bilkura aurretik ere,
karta guztiak mahai gainean zeuden. Mozioa PP eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten, EAJk eta Alternatibak aurka bozkatuta. Halere, mozio hau "testigantzazkoa" dela zehaztu dute udal iturriek, "ez baita loteslea". Argazkian, zinegotziak aurreko udal batzar batean.