Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Gaztetxean izandako eraso bat salatu du Itzubaltzetako Gazte Asanbladak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 2a, 20:48

Pasa den urtarrilaren 23an laupabost pertsona "makil eta harriak" zeramatzatela Itzubaltzeta gaztetxera sartu, pertsona bat jipoitu eta hainbat material "zapuztu" zuten. Horrela salatu du, behintzat, Itzubaltzeta Gazte Asanbladak (IGA) komunikatu baten bidez. Salaketa horrekin bat egin dute Erromo eta Pinuetako Jai Batzordeak, Artatza-Romo institutuko Ikasle Abertzaleak taldeak, Erromoko HNT-k eta Lurralde Zati Planaren Aurkako Asanbladak. IGAk jakinarazitakoaren arabera, 30 pertsona hurbildu ziren gau hartan gaztetxera, baina haietatik soilik bosti leporatzen dizkiete zentro sozialean egindako erasoa. Haiei "gaztetxeko ateak ixteko beharrean" daudela diote gazte asanbladakoek, "gaztetxearen filosofiaren aurka doazela ulertarazi baitigute". Gogoratu dutenez, gaztetxeak zabala eta irekia izateko bokazioa du. Argazkian, Itzubaltzeta gaztetxeko kanpoaldea 2008ko Folixa Asturiana ospatu zenean.

Itzubaltzetako Gazte Asanbladaren oharra:

Idazki honen bitartez Itzubaltzetako Gazte Asanbladak salatu nahi du urtarrilaren 22 eta 23 bitarteko gauean, ostiral eta larunbat artekoan, Itzubaltzeta Gaztetxean jasandako erasoa, non 30 pertsona inguru etorri ziren.

Egun horretan, gaztetxearen barruan bost pertsona zeuden eta ez zegoen inolako aktibitaterik. Etorritako pertsona guztietatik, Algorta eta Leioako laupabost pertsona gaztetxe barrura sartu ziren makil eta harriekin, jendea mehatxatuz eta gaztetxeko altzariak eta materiala zapuztuz. Eta are jasanezin eta onartezinagoa dena: gaztetxearen barruan zegoen pertsona bat jipoitu zuten.
Egoera horren aurrean, gertatutakoa salatu eta gaztetxean horrelako jarrerak ez ditugula onartzen argi utzi nahi dugu.

Gaztetxea eremu zabala da, irekia, non eragile eta gazte ezberdinak biltzen garen, gure proiektuak edota borrokak aurrera ateratzeko nahian.

Horrexegatik, gau hartan gaztetxera sartu zen jendeari gaztetxeko ateak ixteko beharrean gaude, Gaztetxearen filosofiaren aurka doazela ulertarazi baitigute.

Gaztetxeen aurkako erasorik ez!

Itzubaltzetako Gazte Asanblada

Testuarekin bat egin dute:
• Erromo eta Pinuetako Jai Batzordea
• Artatza-Romo institutuko Ikasle Abertzaleak
• Erromoko HNT
• Lurralde Zati Planaren Aurkako Asanblada

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun