Ostegun honetan, otsailak 4, Getxoko Agate Deuna Koru Jaialdia izango da. Ekitaldiak 24. edizioa ospatuko du aurten. Egunean zehar, 30 talde baino gehiago ariko dira (eskoletako taldeak, helduen taldeak eta talde mistoak) tradiziozko kantak abesten kaleetan zehar. Eskola-taldeen eskutik zabalduko da jaialdia. Gaztetxoek eskola-ordutegian arituko dira. Bestalde, helduen taldeek eta talde mistoek 18:00etatik 21:00etara kantatuko dute. Taldeen emanaldiak bi gunetan izango dira: lehenengoa, Itzubaltzeta / Romo eta Areetan eta, bigarrena, Algorta eta Getxon. Beraz, udalerri osoan gozatu ahal izango da tradiziozko kantuez. Bigarren guneko taldeak Algortako Telletxe plazan bilduko dira 20:00etan, guztien arteko emanaldia eskaintzeko. Bitartean, Sopelan, urtero legez, otsailaren 4ko Agate Deuna bezperan, kalez kale kantuan ibiltzera deitu ditu herritarrak Udalak, ohitura zahar hori galdu ez dadin. Taldeek sei toki izango dituzte, halabeharrez agertzekoak. Horietako bi Urgitxeta plaza (13:00etan edo 18:00etan) eta udaletxeko plaza (14:00etan edo 19:00etan) dira. Gainera, ondoko tabernen inguruan abestu behar da (izena barruan emanez), bakoitzak nahi duen orduan: Irubide tabernan, Larrabasterra; eta Gurea, Volker Paulaner Bierhaus eta Laiak tabernetan Sopelan. Ibilbidea goizez edo arratsaldez egiteko aukera dago. Eskualdeko gainontzeko herrietan ere kantu kantari ibiliko dira elkarte ezberdinek. Argazkian, Agate Deuna bezpera Sopelan / © Joseba Zubiaur - Barrika / Sopelako Udala.