Txilibituak ahoan eta pankartak eskuan, Leioako Estartetxe kaleko 5 zenbakitik gertu batu dira, gaur, 40 bat langile. Era horretan, ordain diezaietela eskatu diete egoitza bertan, Ikea eraikinean, duen Promociones Basañez Anaiak SL enpresako arduradunei. Kaltetuen artean dira Kantabria aldeko Entrambasaguas herrian, Solares-en, bertoko hirigintza sustapen batean lanean dabiltzan Galdakaoko Materiales Ceramicos y Naturales enpresako 26 beharginak; baita lantegi galdakoztarrean azpikontratatuta lan egiten duten eskaiolista, elektrikari eta iturginak ere. "Basañezek ordaintzen ez duenez, guztiok izaten ari gara kaltetuak", adierazi du Materiales Ceramicos y Naturales enpresako langileetako batek. Azaldu duenez, "abuztutik ez dute fakturarik ordaindu" Leioakoek. Eta, denbora batez, Galdakaoko enpresak soldatak ordaintzeko diru nahikoa izan badu ere, "une honetan eutsiezina bilakatu da egoera". Langileek zehaztu dutenez, "azarora arte, 850.000 euro zor ditu" Promociones Basañez Anaiak SL enpresak, "azken fakturazioaren diruaz gain". Urriaren 21ean egin ei zuen azken ordainketa. Gainera, kobratzen ez duten arren, ezin dituzte Kantabria aldeko lanak bertan behera utzi, beharginek azpimarratu dutenez. Bestalde, "erruduntzat jo ez" baina, La Caixa erakundeari "erantzukizunak" exijitu dizkiote, "bera delako obra horiek finantzatzen ari dena". Argazkian, Promociones Basañezi eta La Caixari "iruzur egitea" leporatu diote langileek / cc-by
Koska irratia.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.